Lau lagunentzako tokia dago Zaharren Babeslekuak Portugalera antolatu duen bidaian

Onintza Lete Arrieta 2026ko uztailaren 23a

Lisboa.

Irailaren 14tik 22ra Oporton eta Lisboan ibiliko dira jubilatuak, eta bidaiarako 50 laguneko muga beteta zegoen arren, azken orduko lau baja egon dira. Horregatik, izena ematen duten aurreneko lau lagunek izango dute bidaian parte hartzeko aukera. 

Zaharren Babeslekuak Portugalera bidaia antolatu du irailaren 14tik 22ra. Oporton eta Lisboan ibiliko dira, eta izena emateko epea amaituta eta 50 laguneko muga beteta zegoen arren, berriz zabaldu dute izen ematea. Izan ere, azken orduan lau baja egon dira. 

Horregatik, antolatzaileek jakinarazi dute izena ematen duten aurreneko lau lagunek izango dutela beraiekin bidaia egiteko aukera. Horretarako telefono zenbaki honetara deitu behar da: 626 47 14 23. 

Oporto eta Lisboa

Bidaiari buruzko xehetasunak ere eman ditu Zaharren Babeslekuak. Irailaren 14an aterako dira, eta bidean bazkalduko dute. Oportoko hotelera iritsi, eta han afaldu eta lo egingo dute. Hurrengo egunean, itsas bidaia txiki bat egingo dute Douro ibaian, baita hiri horretako hainbat eraikin eta txoko bisitatu ere. 

Bidaian zehar Oportoko upategi bat bisitatuko dute, baita hainbat herri ere; esaterako, Aveiro, Peniche, Obido, Sintra, Cascais eta Estoril. Fatimako santutegian ere izango dira. Lisboan bisita gidatuarekin ezagutuko dituzte hiriko bazterrak, eta Carcavelos herrian atseden hartuko dute, Zamorarantz (Espainia) abiatu aurretik. Hiri hori ezagutu, eta han pasatuko dute gaua, etxerako bidea hartu aurretik. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide