Katu-kolonien Kudeaketa Etikorako Programa aurkeztu zuen iazko uztailean Orioko Udalak, eta bere gain hartu zuen gaiaren kudeaketa. Lehen urtea igarota, gustura da, hainbat urrats eman direlako azken hilabeteetan "kudeaketa modu antolatuagoan" egiteko eta "boluntarioek egindako lana sendotzeko".
Zerrendatu dituen urratsen artean dago kolonia-elikatzaileen figura sortu izana. "Katu-kolonia jakin batez arduratzen den boluntarioa da, eta elikadura nahiz eguneroko jarraipena modu antolatuan egiten laguntzen du" figura berriak.
Horrez gain herriko bi albaitariekin akordioak egin ditu, HEMI metodoari –harrapatu, antzutu, markatu eta itzuli– lotutako esku-hartzeak bideratzeko. Gainera, Udaltzaingoarekin jarduteko protokoloa zehaztu du. Hala, herritarrek udaltzainei pasa behar dizkiete abisuak, eta udaltzainek katu berri baten edo egoera bereziren baten abisua jasotzen dutenean, Katu Alai elkartearekin jartzen dira harremanetan, kasua aztertu eta eman beharreko pausoak adosteko.
Bestalde, udalak Katu Alai elkartearekin hitzarmena sinatu du; "udaltzainengandik jasotako abisuak koordinatzeaz gain, gune konkretuetan antzuketa kanpainak egiten dituzte, eta katuei bizileku egoki bat bilatzeaz arduratzen dira" elkartekoak. Herriko katu-kolonien jarraipenean eta kudeaketan ere badabiltza Katu Alaiko kideak.
Katuen adopzioa
Utzitako katuen eta katakumeen kasuan, lehen helburua adopziora edo harrerara bideratzea dela azaldu du udalak. Horretarako, Katu Alai elkarteak sare sozialak eta www.katualai.com webgunea erabiltzen ditu, eta bertan kontsulta daitezke katu bat adoptatzeko edo aldi baterako harreran hartzeko aukerak.
Orioko Udalak eskerrak ere eman nahi izan dizkie "urte hauetan guztietan katu-kolonien zaintzan aritu diren boluntarioei". Izan ere, "haien lanari esker, neurriak modu koordinatuan hartu dira, animalien ongizatea eta herriko bizikidetza bermatuz".
Lan horretan lagundu nahi duten herritarrei udalarekin harremanetan jartzeko ere eskatu die erakundeak.