Virgen Carmeli arrantzontzia Orion eraiki zuten 1945ean, eta 1972an eman zioten baja, Getxon (Bizkaia). Ontziak istorio latza du, 1952an naufragioa izan eta ontzian zihoazen hamabi marineletatik bost ito egin baitziren Orioko barra igarotzerakoan. Horregatik, haren maketa egin du Jexux Mari Perona maketagile oriotarrak, eta ikusgai jarri berri du Bariko San Nikolas elizan, Karmengo Amaren irudiaren oinpean. Larunbatera arte, 18:00etako mezaren aurretik eta ondoren ikusi ahal izango da. Gaur da, hain zuzen, itsasoko zaindariaren eguna, eta arratsaldean meza, prozesioa eta lore eskaintza izango dira.
Peronak azaldu du ontzi hori Manuel Elizondo Ortzaika Haundia maisuak eta bere langileek egin zutela Ortzaikako ontziolan 1945ean, eta berak 1/30 eskalan erreproduzitu duela. "Elizondoren biloba Eduardok kontatu zuen ontzia eraikitzeko garaian eskari oso handia izaten zela ontziolan, eta urtean hiruzpalau arrantzontzi eraikitzen zituztela, eredu edo galibo berdina jarraituz, eta diseinu berekoak zirela, armadorearen gustuko aldaketatxoaz eraginez", dio Peronak.
Haren esanetan, Tiburcio Aroztegi tailerrean burutu zituzten, berriz, motorraren, zubiaren, guardakalorraren, masten, eta abarren muntaia. "Baxurako arrantzarako eraikitako arrantzontzi bat da, kazean, ingurapean, eta abarrean aritzeko egina". 1972. urtera arte iraun zuen, urte horretan zegokion baxa eman zitzaiolarik.
Naufragioa
1952ko apirilaren 22an izan zen ezbehar larria. Peronak kontatu du gertakariaren gauean, beste arrantzontzi batzuekin batera, antxoaren arrantzan aritu zirela, eta egunsentian, Donostiako salmenta porturantz joan zirela, salmenta egin zutela, eta Orioko porturantz abiatu zirela. "Arrantzontzi guztiek, itsasoa kizkurtzen hasia zela eta itsasgora beheranzko zikloan zegoela ikusita, Orioko portura lehenbailehen iristeko presa zuten, eta, hala, itsasadarreko barra gainditzeko, barran behera egiten zuen marea gero eta arriskutsuagoa baitzen. Barraren parera iritsita, bazekiten mariak izeneko olatuen itsaskiak kalkulatu behar zituztela, olatu horiek igarotzen zirenean itsasaldien arteko kalma tartea aprobetxatzeko".
Arrantzontziak, ilaran jarrita, ohi bezala sartu ziren, "baina gure protagonistak pasatu behar zuenean, barealdi tartea laburragoa izan zen, eta hurrengo olatuak, itsasadarraren zabalera osoan lehertuta zegoenak, barran bete-betean harrapatu zuen, barrak bildu eta hondoratu egin zuen, ontziaren killa eguzkitan utziz".
Peronak kontatu du beste arrantzontziak berehala lagundu zutela itsasora eroritako marinelak hartuz. "Baina haietako lau, jasotako kolpeen ondorioz beharbada, ito egin ziren. Eta konturatu ziren arrantzontzi barruan ere bazeudela bi marinel irten ezinda, laguntza esker". Aizkora batekin lortu zuten ontzia zulatu eta marinelak ateratzea, baina bakarrak salbatu zuen bizitza.
Arantzazura oinutsik Oriotik
Bizirik atera zen naufragoa 18 urteko mutil bat zela azaldu du Peronak, eta hil ala bizi zeuden momentuan, Arantzazuko Ama Birjinari promesa egin ziola: bizirik ateraz gero, erromes ibiliko zen arrosarioa errezatzen, oinez eta oinutsik, Orioko bere Itxaspe baserritik Arantzazuraino, gutxi gorabehera 75 kilometro. "Zauri eta harramazkadetatik bere onera etorri ondoren egin zuen promesa. Hirugarren saiakeran burutu zuen, eta bere oin odoleztatuen aztarnak santutegiko lurrean gelditu ziren. Esaten da santutegiko igandeko meza nagusiaren elizkizuna hasteko bere zain egon zirela".
Laguntzaileei eskerrak
Maketa egin ahal izateko hainbaten laguntza jaso du Jexux Mari Peronak, eta haiei eskerrak eman nahi izan dizkie: Francisco Karrera Txanka-ri (zendua), Jose Ramon Neira Suarezi, Manuel Urangari, Eduardo Elizondori, Patxi Ostolaza Iraolari, Jabier Arozenari, Inazio Igosi eta Beñat Ibaietari, besteak beste.