Ate joka dira Ibai Paredesen Oroimenezko Urpeko Arrantza Lehiaketa eta Arrain Txikien XV. Txapelketa

Onintza Lete Arrieta 2026ko uztailaren 15a

Iazko Arrain Txiki Txapelketako emakumezko irabazleak, arraina pisatzera eramaten. (Onintza Lete Arrieta)

Igande goizean urpeko lehiaketa egingo dute, eta hilaren 25ean, larunbatarekin, arrain txikien txapelketa. Biak Mollarri eta Igeldo artean izango dira, eta ondoren, bazkaria egingo dute kirol portuan, Muskuilu Harria elkartearen egoitzan. Izen emateak zabalik daude. 

Muskuilu Harria Orioko aisialdiko arrantza kirol elkarteak aurten ere antolatu du arrantza txapelketa. Aurtengoa XV. Arrain Txiki Txapelketa izango da, eta uztailaren 25ean, Santio Egunez, egingo dute, hurrengo asteko larunbatean. Ia astebete lehenago, igande honetan, berriz, Ibai Paredesen Oroimenezko Urpeko Arrantza Lehiaketa izango da, Euskadiko Arrantza Federazkioak eta Urpekoak elkarteak antolatuta eta Muskuilu Harria elkarteak lagunduta. 

Bi txapelketak Mollarri eta Igeldo artean egingo dituzte, eta ondoren, bazkari bana egingo dute kirol portuan, aisialdi elkartearen egoitzaren kanpoaldean. Igande honetan ez dute jendetzarik espero bazkaritarako, baina bai datorren larunbatean, "Muskuilu Harriren eguna bezala izaten delako", azaldu dute antolatzaileek. Marmitakoa eta saiheskia eskainiko diete bazkari horretara bertaratzen direnei. 

Izena emateko epea zabalik dago bi lehiaketetarako; egunean bertan ere eman daiteke, txapelketa hasi baino ordu erdi lehenago, kirol portuan bertan. Igande honetakoari dagokionez, 09:00etan hasiko da, eta ontzi bakoitzean gutxienez bi pertsonek joa beharko dute, batek ur azpian arrantzatzen duen bitartean besteak ontzi barruan egon beharko baitu. Bost ordu izango dituzte lanak egiteko, eta sari banaketa 14:30 aldera izango dela aurreikusi dute.

Hurrengo asteko lehiaketa ere ordu berean hasiko da –09:00etan bota ahalko dira aparejuak–, eta ontziek bueltan izan beharko dute 13:15erako. Segurtasunagatik ontzi bakoitzean gutxienez bi lagunek joan beharko dute, eta antolatzaileek partaideei aurrez jakinaraziko diete zer arrain mota arrantza daitezkeen eta zein ez, eta bakoitzak zer puntuazio izango duen. Bestelako arauen berri ere emango diete. Pisaketak amaituta, sari banaketak egingo dituzte hurrengo astean ere.  

Itsasoari dagokionez, "nahiko itsaso ona" eman dute igande honetarako; hurrengo astean zer izango den, berriz, ikusteko dago. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide