Ostiralean hasi eta atzo iluntzera arte, oriotarrek nahikoa aukera izan dute sanpedroez gozatzeko. Azken unera arte segitu dute festa giroan, eta horren lekuko, atzo arratsaldean kaleetan sortu zen giro aparta. Batetik, Herriko Plazan herri kirol erakustaldia eskaini zuten Joseba Ostolaza harri eskolako kideek, eta jende ugari elkartu zuen hitzorduak. Aizkoran eta harri jasotzen aritu ziren hainbat emakume eta gizon, eta txalo zaparradak jaso zituzten ikusleen partetik. Giro polita sortu zen, eta horretan lagundu zuen Idoia Etxeberria harri jasotzaileak, esatari lanetan oso fin aritu baitzen.
Inguruko kaleetan, berriz, kalejiran ibili ziren Pello eta Nikolasa erraldoiak eta buruhandiak, Orioko Txarangak girotuta. Etxeko txikienentzat plan aproposa izan zen, eta gaztetxorik ere ez zen falta izan buruhandien bueltan. Nahikoa korrika egin zuten horiek. Kalejira Herriko Plazan amaitu zen, artean herri kirol erakustaldia amaitu gabe zela.
Herriko beste puntan, berriz, patxadan eta gustura egon ziren dozenaka lagun, herriko adinekoek sanpedroetako bazkaria egin baitzuten Villa Antilla hotelean.
Batek baino gehiagok deskantsurako tartea hartuko du gaurkoan, azken egunetan ahitutako indarrak berreskuratzeko.
(Argazkiak: Onintza Lete Arrieta eta Zaharren Babeslekua)