GUTUNA

Badok 13k bere estropadako bandera uretan irabazi du, baita lehorrean ere

Orioko Badok 13 taldea 2026ko ekainaren 28a

Badok 13 Orio beteranoen taldeko kideak atzo, LGTBIQ+ harrotasunaren banderarekin.

Orioko Badok 13 beteranoen arraun taldeak honako gutun hau helarazi du Gukaren erredakziora. Atzo nagusi izan zen Orioko trainerua etxean jokatutako Jakes Landaren eta Edu Mugerzaren oroimenezko lehian.

Larunbat honetan Orion jokatutako estropadak kirol maila bikaina uzteaz gain, gizarte konpromisoan ere urrats erraldoia suposatu du. Orioko Badok 13ko beteranoek etxean jokatzen zuten, eta ez dute hutsik egin: Jakes Landa Memorialaren XI. edizioko eta Edu Mugarzaren III. edizioko bandera bereganatu dute, uretan nagusitasun osoa erakutsiz eta, aldi berean, lehorrean mezu argi eta beharrezko bat zabalduz.

Estropada gogorra izan da, baina etxekoak, Badok 13ko arraunlariak, bikain aritu dira beren uretan. 13.25.07 denbora ikusgarria ezarrita, garaipen argia lortu dute, ligako lidertza sendoago eta irmoago finkatuz. Zalantzarik gabe, denboraldi honetako talde nagusia dela erakutsi du Orioko taldeak. Podiuma horrela geratu da osatuta:

  1. Txapelduna: Badok 13 Orio (13:25.07)
  2. Bigarrena: Mundaka (13:51.06)
  3. Hirugarrena: Fortuna (14:02.0)

Etxeko taldearen poza, gainera, bikoitza izan da. Badok-eko bigarren traineruak ere maila polita eman du estropada zailean, oso txukun aritu baitira eta laugarren postua eskuratu baitute ligako bigarren multzoan.

Guztira, 25 traineru beteranok parte hartu zuten atzoko jardunaldian, Orioko itsasadarrari kolorea eta bizia emanez. Lehen mailako (A multzoko) hamabi taldeez gain, bigarren ligako beste 11 talde aritu dira arraunean, eta haiekin batera bi traineru gonbidatu berezi: Cambrils eta Ipar Euskal Herriko Ibaialde.

Baina kirolari beteranoen meritua ez da mugatu kronometroak gelditzera. Bandera lehorrean ere irabazi dute, eta ziurrenik, garrantzitsuena. Estropada hasi aurretik, elkarteak ekitaldi indartsu eta hunkigarria egin zuen LGTBIQ+ Sexu Askapenaren Aldeko Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko.

Ekitaldi horren bitartez, Orioko klubak kirola gizartea eraldatzeko tresna gisa erabili nahi izan du. Mezu argi eta zuzena luzatu die ligako gainerako taldeei eta elkarteei: arraunaren munduan ere berdintasunaren alde egiteko eta LGTBIQ+ pertsonen aurkako jazarpenari eta diskriminazioari aurre egiteko barne protokoloak sor ditzaten. "Kirola espazio segurua, anitza eta inklusiboa izan behar da guztiontzat". Hori izan da Oriotik zabaldu nahi izan zuten deialdia, kirol elkarteetan aniztasuna errespetatzeaz gain, hura aktiboki babestuko duten tresnak (hala nola protokoloak) izatearen garrantzia azpimarratuz. Garaipen bikoitza, beraz, larunbat honetakoa. Lidergo sendoarekin uretan, eta bidea erakutsiz lehorrean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide