Lehertu da sanpedroetako txupina

Aiora Arriola 2026ko ekainaren 27a

Arratsalde amaieran bota dute San Pedro jaietako txupina festei hasiera emateko Burrunba elektrotxarangarekin batera. Atzo murgildu ziren sanpedroetan, iaz baino egun bat lehenago, eta herritarrek ilusio handiz hartu dituzte jaiak.

Bide Batez taldeak eskainitako erromeriarekin hasi dute arratsaldea oriotarrek, eta Herriko Plazan musikaz blaitu ondoren, Hendaia plazara lekualdatu dira festan murgilduta zeuden herritarrak, Burrunba elektrotxarangaz gozatzeko.

Horren ondoren, 20:00 aldera Herriko Plazara mugitu dira instrumentu eta guzti, bidean musikaren erritmoan dantzan zebiltzala, eta, iritsi orduko, guztiak txupinazoaren esperoan jarri dira.

Txupina bota aurretik, Anuska Esnal alkateak bi hitz egin dizkie herritarrei udaletxe kanpoaldean, eta, jarraian, suziria jaurti, herriko bandera altxa eta berriz ere Bide Batez erromeria taldearen kantuak entzunez gozatu dute unea oriotarrek.

Gauean zehar 23:00etatik aurrera, Silitia, DJ Aitana Grandes eta DJ Irune Muguruzak emanaladiak eskainiko dituzte Herriko Plazan.

Hori gutxi balitz, bihar goizean festak aurrera egingo du, eta, urteroko legez, Harrotasunaren Eguna ospatuko dute herrian.

Hona hemen biharko egitaraua:

Ekainak 28, igandea: Harrotasunaren Eguna

  • 10:00. Haurrentzako jolasak, Bizijolasen eskutik, Muntoko berdegunean.
  • 12:30. Kantu salda poteo musikatua, kalez kale.
  • 17:00. Haur eta gazteen pilota partidak, Zaragueta Herri Eskolan.
  • 18:00. Bertso saio elektronikoa, Herriko Plazan.
  • 18:30. Erraldoi eta buruhandien kalejira herriko txarangarekin, kalez kale. Ibilbidea: Kultur Etxea, Eusko Gudari, Arrantzale, Baxoalde, Palota, Balea, Arrantzale, Abeslari, Eusko Gudari eta Herriko Plaza.
  • 20:00. I. Goiko Karrera.
  • 23:00-05:00. Gaueko emanaldiak: Malko, Tatta, DJ Fifi eta Fefa, eta La Fulana, Herriko Plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide