Beste urte batez, arraun hitzordu ikusgarriaz gozatzeko aukera izango da San Pedro festetan. Hain zuzen ere, Badok 13 Orio beteranoen arraun elkarteak antolatuta, XI. Jakes Landa Oroimenezkoa eta III. Edu Mugertza Oroimenezkoa jokatuko dira larunbatean, Orioko errioan.
Beteranoen ligako proba izango da, eta Gipuzkoa, Bizkaia, Kantabria eta Kataluniako 25 arraun taldek hartuko dute parte bertan, hau da, 300 arraunlaritik gorako parte hartzea izango du estropadak. Badok 13 klubaren kasuan, bi ontziak uretaratuko dituzte. Parte hartzaileak mailaren eta kategoriaren arabera banatuko dira txandetan, eta emakumezkoen zein gizonezkoen ontziak ariko dira.
Gaur goizean aurkeztu dute arraun hitzordu klasikoa Arraunetxen Badok13ko ordezkariek eta Anuska Esnal Orioko alkateak. Gustura agertu da aurkezpenean zuzendaritzako kide David Elustondo, eta arrazoiak baditu horretarako, izan ere, Badok 13 arraun denboraldi bikaina ari da izaten aurten. Larunbaterako hitzorduari begira, motibatuta eta gogo handiz daudela aurreratu du Elustondok, baina aldi berean, argi du lehia estua izango dutela aurretik.
300 arraunlaritik gora lehian
Estropadaren hasiera Orioko zubian egongo den balizatik egingo dute traineruek, eta ziabogak, berriz, Txanka erreka parean bat eta irteerako balizaren parean bestea. Estropada eremuak 3.500 metro izango ditu, eta 875 metroko lau luze eta hiru ziaboga egingo dituzte. Eremuak, halaber, bi kale izango ditu eta binakako ontzietan jokatuko dute proba.
Lehenengo txandari 14:30ean ekingo diote Cambrils, Ibaialde, Sesato B, Illunbe B, Iberia B, Plentzia B, Getxo B, Mundaka eta Bilbok. Binaka ariko dira erlojuaren aurka, minutuero bi ontzi aterako dira, eta txanden artean bost minutuko tartea egongo da.
Bigarren txandari 14:55ean ekingo diete ondorengo taldeek: Pontejos B, Badok 13 B, Sestao, Zumaia B eta Castreña. Hirugarren txanda 15:15ean hasiko da, honako taldeekin: Santurtzi, Aizburua, Bilbo, Illunbe, Plentzia eta Pontejos. Eta azkenik, laugarren txandari 15:35ean ekingo diote Mundaka, Iberia, Fortuna, Getxo, Zumaia eta Badok 13k.
Proba amaitutakoan, sari banaketa egingo dute: bandera uretan emango zaio talde irabazleari, eta gainerako sariak Arraunetxeko aretoan banatuko dira. Ligako jardunaldiaren ondoren, urteroko legez, mokadua emango diete partaide guztiei klubean bertan.