Trikipoteoa Alaitz eta Ander trikitilariekin, urdaiazpiko moztailea, puzgarriak eta apar festa, jubilatuen hamaiketakoa, sardina jana, tortilla patata lehiaketa eta dastaketa, haur jolasak, Hillbilly Jokers taldearen kontzertua, lagun arteko afaria eta Marek DJaren emanaldia. Hori guztia eskaini dute 24 ordu irauten dituen Anibarko Portuko festetan.
Ostiral iluntzean hasi zituzten jaiak trikitilariekin eta urdaiazpiko dastaketarekin, eta atzo egun osoan ibili ziren jai giroan. Bero sapa egin zuen, eta haurrek gogotik hartu zuten apar festa goiz-eguerdi partean. Sardinak jateko ilara luzea sortu zen eguerdian, eta eguzkipetik itzalera egin zuen ilarak, itxaronaldia arintze aldera. Sardinen ondoren patata tortillak dastatzeko aukera izan zuten auzotarrek; aurten hamar aurkeztu dituzte lehiaketara, eta Rebekak eraman zuen saria; amantala eta otordua Sukia jatetxean.
Aitortzek ere izan zuten tokia, auzokoa den Maria Zaldua eskubaloi jokalaria omendu baitzuten, eta atsolorra ere egin baitzuten aurten auzoan jaiotako umeekin. Lau haur jaio dira.
Zozketen saridunak
Festetan hainbat zozketa egin dituzte. Batetik, txartel arrosak egon dira salgai, eta otarra eta OAEko elastikoa 515 zenbakiarentzat izan da.
Txartel horiei dagokienez, Joxe Marin afaltzeko saria 2.145 zenbakiarentzat izan da. Ordezko zenbakia 1.353 zenbakia da.
Irabazleek Kaiua tabernara jo beharko dute, edo hara deitu, 943-84 00 60 zenbakira.
(Argazkiak Onintza Lete Arrieta eta Anibarko Portuko festa batzordea)