Urtero, ikasturte amaieran, Aldapa elkartean juntadizoa egiten dute Esperientzia Eskolako kideek eta herriko DBH 4. mailako ikasleek, elkarrekin jakintza trukatu eta otordu batez gozatzeko.
Aurtengo aurreneko saioa ekain hasieran egin zuten Orioko Herri Ikastolako talde batekin. Josten eta quilling teknikarekin eskulanak egiten aritu ziren batzuk, eta anisezko erroskillak egiten, beste batzuk. Ondoren, bazkari ederraz gozatu zuten denek.
Bigarren saioa hilaren 9an egin zuten ikastetxe bereko beste talde batekin, eta atzo, Zaragueta Herri Eskolakoen txanda izan zen. Giro ederrean pasatu zuten goiza, eta mahaiaren bueltan amaitu zuten hitzordu berezia.