Orio Arraunketa Elkarteko (OAE) gizonezkoek Espainiako Traineru Txapelketan irabazi dute asteburuan, eta herritar talde batek, udaletxeko balkoian Espainiako bandera ez astintzea eskatu dio klubari. Izan ere, talde horren ustetan, bandera hori "hain lasai eta eroso astintzea asimilazioaren bidean ematen den beste urrats handi bat" da.
Testuinguru horretan, OAEk, eskaera hori errespetatze aldera, harreran ez parte hartzea erabaki du. "Bandera bat astintzea ez da garaikur bat erakustea soilik. Aspaldiko herrien arteko arraun lehietatik datorren ohitura da. Estropada amaitzean, galtzaile zen herriak bere bandera eskaintzen zion irabazleari, eta honek herritarren aurrean harrotasunez eta ohorez astintzen zuen. Keinu hori garaipenaren, aitortzaren eta herri sentimenduaren adierazgarri bihurtu da urteetan zehar, eta gaur egun ere arraunaren kulturaren eta tradizioaren parte da. Horregatik, gure arraunlarientzat eta zuzendaritzarentzat ez dauka zentzurik bandera edo garaikurra herritarrekin partekatu gabe ospatzeak", adierazi dute zuzendaritzatik.
Gainera, nabarmendu dute bandera udaletxeko balkoira atera eta herriarekin batera ospatu ezin bada, ospakizunak "bere zentzua galtzen" duela. Halaber, klubetik jakinarazi dute erabaki hori "errespetutik" hartu dela, eta herritarrek espainiar banderaren astintzearekin lotuta adierazitako "sentimendu eta mina jaso" dutela. Dena den, OAEk argitu du ospakizuna ez duela horrela bizi. "Guretzat bandera hori kirol lehiaketa bateko garaikurra da, eta bere esanahia arraunaren testuingurura mugatzen da, garaipenaren eta kirol erronkaren adierazpen gisa". Hala ere, "inor ez mintzearren", harreran ez parte hartzea erabaki dute.