Espainiako Traineru Txapelketa jokatu dute asteburuan zehar Meiran (Galizia, Espainia), eta Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoek aise irabazi dute final nagusia, 19:53;75ko denbora eginez. Bigarren sailkatu da Donostiarra, 20:06;51ko denborarekin, eta gertutik izan du Zierbena, 20:12;07ko denborarekin. Laugarren postuan amaitu du Cabo da Cruzek, 20:50;59 denbora eginez.
Donostiarra lehen kalean eta Orion bigarrenean izanik, hasiera-hasieratik lehia estua egon da bi traineruen artean. Lehenengo ziabogan, ordea, Oriok aurrea hartzea lortu du eta bigarren ziabogara iristerako jada 7 segundoko aldea atera dio Donostiarrari. Zierbena ere gogor aritu da gaurko jardunaldian, segundo gutxigatik sailkatu baita Donostiarraren atzetik. Cabo da Cruz, bestalde, atzealdean geratu da estropadaren hasieratik.
Oriok, 20 minututik jaitsi den ontzi bakarrak, merezita baino gehiago eramango du etxera hamazazpigarren garaipena Espainiako Txapelketan. Izan ere, Eusko Label Liga hasteko soilik bi aste falta direnean, argi utzi du aurkari gogorra izango dela aurtengo denboraldian.