Munduko errefuxiatuak gogoan izateko ekintzak prestatu dituzte datozen egunetarako

Julene Sorarrain 2026ko ekainaren 14a

Sahararen aldeko eguna Orion, duela bi urte. (Guka)

Ekainaren 20an Munduko Errefuxiatuen Eguna ospatuko da, eta Guerara Orio eta Palestina-Orio taldeek askotariko ekintzak antolatu dituzte datorren asterako. Besteak beste, dokumental baten proiekzioa, errefuxiatuen mahai ingurua, musika hitzorduak eta bazkaria prestatu dituzte.

Munduko Errefuxiatuen Eguna ospatuko da ekainaren 20an, larunbatarekin, eta oriotarrek ere gogoan izan nahi dituzte gatazken eta gerren ondorioz beren etxeak eta familiak atzean utzi behar izan dituztenak. Hori horrela izanda, hainbat hitzordu eta jarduera prestatu dituzte Guerara Orio eta Palestina-Orio taldeek datozen egunetarako.

Ekainaren 17an, esaterako, Aita Mari, Gobernuz Kanpoko Erakunde baten izenean migratzaileen itsasoko erreskatean dabilen itsasontziaren inguruko dokumentala emango dute Salatxon. Hilaren 18an, berriz, mahai ingurua egingo dute Orion bertan bizi diren errefuxiatuekin, beren esperientziak herritarrekin partekatzeko. Sarrera doakoa izango da bi hitzorduetarako.

Ekainaren 20an izango da festa handia, eta egun horren bueltan hainbat ekintza prestatu dituzte adin tarte guztientzat. Goizean goiz, kalejira egingo dute herrian zehar, eta GUKAk haurrentzako eskulanen txokoa ere jarriko du plazan. Eguerdian, manifestua irakurriko dute, eta ondoren, Salatxo eta Eresmin abesbatzek girotuko dute plaza. Herri bazkariarekin emango diote amaiera egunari.

Egitaraua

Ekainak 17, asteazkena

  • 19:00. Aita Mari itsasontziari buruzko dokumentalaren proiekzioa, eta ondoren, solasaldia, Salatxo aretoan.

Ekainak 18, osteguna

  • 19:00. Mahai ingurua, errefuxiatuek beren bizipenak herritarrekin partekatzeko, Salatxo aretoan. Sahara, Palestina, Ukrainia, Nikaragua eta Euskal Herriko errefuxiatuek parte hartuko dute.

Ekainak 20, larunbata: Munduko Errefuxiatuen Eguna

  • 11:00. Kalejira Orioko Txarangarekin.
  • 11:30. Umeentzako margoak eta txapa tailerra, GUKAren eskutik, Herriko Plazan.
  • 12:00. Manifestuaren irakurketa, Herriko Plazan. 
  • Jarraian, Salatxo eta Eresmin abesbatzen emanaldia, herriko hainbat txokotan.
  • 13:15. Bazkaria, Orioko Trikitilari Taldeak girotuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide