Martxan da frontoi berriaren kokapenari buruzko herri galdeketa. Turismo Bulegoan eman daiteke botoa igande eguerdira arte, bi baldintza beteta: dagoeneko 18 urte edukitzea eta Orion erroldatuta egotea.
Herritarrek NA erakutsi behar diote bulegoko langileari, eta ondoren, botoa emateko paperean x batekin aukeratu behar dute Palota ala Abaromendi aukera. Turismo Bulegoa goizez eta arratsaldez egongo da zabalik gaur eta bihar, eta goizez, igandean. Botoak igandean bertan zenbatuko dituzte, 20:00etan, udalbatzar aretoan, herritarren aurrean.

Bi proposamenak aurreproiektuak dira, eta Turismo Bulegoan bertan jarri dituzte horiek azaltzen dituen panelak. Laburbilduz, Palotakoa Kosta Tailerraren alboan egingo lukete, baratze zati batean, eta bi eraikinen artean plaza bat sortuko litzateke. Kosta Tailerra berritu eta handituko lukete, eta atzean, areto bat egingo lukete, emanaldietarako. Kultura eta pilota uztartuko lituzke.

Bi proposamen
Abaromendiko aukeran, berriz, kirola izango litzateke ardatza. Han ere baratzeetan egingo lukete frontoia, Zaragaueta Herri Eskolaren alboan, mendiaren kontra, eta inguruan atletismo pista, paddle pistak eta kalistenia edukiko lituzke.
Bietan, frontoiak tamaina bera izango luke, araudiak ezartzen duen 36 metro luzekoa. Abaromendin, hori bai, pilotalekua itxia izango litzateke, eta Palotan, itxia nahiz irekia egin daiteke, beharraren arabera.
Otsailean aurkeztu zituzten bi proposamenak aurreneko aldiz, eta bideo honetan azaltzen ditu bakoitzaren ezaugarriak Borja Agirresarobe XS Arkitektura estudioko arkitektoak, azpimarratuz aurreproiektuak direla.
Udalak ere ziurtatu du behin kokapena erabakita, eragileekin landuko duela proiektu definitiboa.