Orioko Emakumeen Surf Topaketa antolatu dute hirugarrenez elkarrekin Orioko Surf Taldeak (OST) eta Saregile emakumeen etxeak, eta 30 emakume baino gehiago elkartu dira gaur goizean Antilla hondartzan, taldearen babesean kirol horretaz gozatzen ikasteko. 19 eta 60 urte bitarteko andreek eman dute izena, eta urari beldurra kentzeko egun aproposa egokitu zaie, olatu txikiak baitzeuden, eta zerua lainotuta zegoenez, jende gutxi hondartzan nahiz uretan.
Neoprenoak eta surfeko taulak hartuta, borobil handi bat osatu dute partaideek hondarretan, OSTko kideen eskutik oinarrizko azalpen batzuk jasotzeko. Gero bizpahiru minutuz taula gainean etzanda egotetik altxatzerako mugimendua praktikatu, eta uretara abiatu dira, umore ezin hobean. 10:00etatik 12:00etara zen hitzordua, eta amaitutakoan kafe beroa hartu dute elkarrekin.
Erantzunarekin gustura
Bai Saregileko arduradunak, bai OSTkoak, gustura ziren jarduerak herritarren artean izan duen erantzunarekin. Olatu txikiak tokatu izana zorte handia dela ere esan dute Amaya Loidi eta Ibone Iturbe OSTko kideek, "itsaso handiarekin askori errespetua edo beldurra" ematen dielako surfa probatzeak.
Herriko klubak pixkanaka gero eta emakume gehiago dituela nabarmendu dute, eta jada ia 30 direla. "Azken urteetan dezente egin du gora, lehen urteetan 8-10 bakarrik baikinen". Horregatik, beraientzat "oso interesgarria" da gaurkoa bezalako egitasmoak egitea, "askotan entzuten baitiegu emakumeei lotsa edo beldurra ematen diela surfa egiteak, eta hau bada aurreneko pausoa emateko modu errazago bat". Beste urteetan parte hartu duten batzuek gaur errepikatu egin dutela esan dute, eta beste herri batean surf egiten zuen bakarren batek, orain Orion egiten duela ere jakinarazi dute. "Honelako ekintzek laguntzen dute horretan", esan dute.
Saregileko Aizpea Esnaolak azaldu du emakumeen etxearen helburuetako bat andreak edozein motatako ekintzetara bideratzea izaten dela, eta uste du surfa badela bultzada bat ematea eskatzen duen kirola: "Emakumeei kostatu egiten zaie taula hartzea, lotsa sentitzen dute, bai gorputzagatik, bai abilidade faltagatik, baina ziur gaude garai batean halako egitasmoak egon izan balira, emakume gehiago animatuko ziratekeela surfa egitera. Baina inoiz ez da berandu, eta uste dugu proba egiteko aukera polita dela hau".