Iaz berezia izan zen Orioko garagardo azoka; bi asteburu iraun zituen, Orio Arraunketa Elkarteak (OAE) 60 urte bete zituelako eta azokak hamargarren edizioa zuelako. Aurten asteburu bakarreko formatura itzuli da, baina oraingoak ere izango du berezitik, Kuadrillen arteko I. Batel Estropada antolatu baitute igande honetarako. Gaur eguerdian aurkeztu dute XI. Garagardo Azoka Zipri enpresa babeslearen egoitzan, eta Ander Atorrasagasti OAEko kideak azaldu du hamalau lagun taldek eman dutela izena bateletan lehiatzeko. Gustura dira jasotako erantzunarekin, eta partaideen aniztasuna nabarmendu du Atorrasagastik: "Neska-mutilez osatutako taldeak dira, 15-40 urte bitartekoak, asko inoiz arraunean ibili gabekoak", eta beraz, ikuskizun ederra eskainiko dutela uste du klubeko ordezkariak.
Hiru taldetan banatuko dituzte hamalau ontziak, eta zubi paretik hasi eta Herriko Plazako Halcon Bidaiak saltokiaren pareraino egingo dituzte 150 metroko joan-etorri motzak. Bost txanda eta finala izango dira, eta bandera ere emango diote irabazleari. Lehiaketa berriarekin, arrauna "herritarrengana gerturatu" nahi izan dute, horiek "arraunera engantxatzeko". Ideia edo abiapuntua, ordea, ez da klubarena izan, azken sanikolasetan herriko bi lagun taldek elkarri botatako erronka baizik; trainerilletan estropada jokatu zuten, eta errio bazterrak herritarrez mukuru bete ziren.
Berrikuntza gehiago ere bazuten prestatuta, haur eta gaztetxoentzako ergometro txapelketa herrikoia, baina azkenean bertan behera utzi behar izan dute, arraun eskolako egutegiko beste hitzordu batzuekin talka egin duelako.
Glutenik eta alkoholik gabekoa ere bai
Garagardo azoka ostiralean 19:00etan zabalduko dute, eta larunbatean nahiz igandean eguerditik gauera egongo da martxan jan-edan zebitzua. Otordu zerbitzua 22:30-23:00 aldera amaituko dute, eta edariena, berriz, 01:00etan. Jateko natxoak guakamolearekin, txerri ukondoa eta saltxitxak patata purearekin eskainiko dituzte; edateko, hainbat garagardo marka, garagardo berezia eta baita glutenik eta alkoholik gabeko garagardoa ere. Litro erdiko pitxerretan eskainiko dituzte denak.
Azokak ohiko egitaraua izango du: irekieran Mirotza sariak banatuko dituzte, eta aurten Janire Gonzalez-Etxabarri surflari zumaiarra eta Richard Oribe igerilari donostiarra omenduko dituzte; zuzeneko musika emanaldiak egongo dira, trikiti doinuak ostiral iluntzean, eta DJ saioak larunbat arratsalde eta gau partean; eta igandeko azken ekitaldia II. Mus Txapelketa izango da. Iaz 80 bikote inguruk parte hartu zuten, eta aurten ere giro ona sortuko duela uste dute.
60 boluntariotik gora ibiliko dira lanean hiru egunetan, eta Atorrasagastik Txutxi lasartearraren lana aitortu nahi izan du, "azokaren sorreratik hartu izan duen ardura handiagatik".
Egitaraua
Maiatzak 22, ostirala
- 19:00. Garagardo azokaren irekiera eta Mirotza sarien banaketa, Herriko Plazan.
- 20:00-22:30. Iñaki Larrañaga eta Imanol Intxausti tritikilarien emanaldia.
Maiatzak 23, larunbata
- 11:00. Orio Arraunketa Elkartearen Babesle Nagusien IV. Estropada, errioan.
- 12:00. Garagardo azokaren irekiera.
- 18:00. Troti DJa.
- 22:30. Javi Hidalgo DJa.
Maiatzak 24, igandea
- 11:00. Kuadrillen arteko I. Batel Estropada, errioan, zubi azpitik hasita.
- 12:00. Garagardo Azokaren irekiera.
- 14:30. Kuadrillen arteko bazkaria.
- 16:00. II. Mus Txapelketa.
- 23:00. Azokaren itxiera.