Zabalik da datorren ikasturteko Txalupan programaren deialdia

Julene Sorarrain 2026ko maiatzaren 14a

Haur bat mapa batekin jolasean.

Hizkuntza integraziorako zailtasunak dituzten Orioko ikasleei zuzenduta dago egitasmoa. Parte hartzeko izena eman beharko dute familiek eta horretarako epea zabalik dute maiatzaren 27ra arte. Izen-ematea herriko ikastetxeen bidez egingo da.

Orioko Udalak eta herriko hezkuntza alorreko eragileek 2023an sortu zuten Txalupan programa, hizkuntza integraziorako zailtasunak dituzten Orioko ikasleei zuzenduta. Errefortzu eskoletatik haratago, planteamendu globalago bat egiten du ekimenak, herriko ikasleen premiei behar bezala erantzuteko. Izan ere, haurrentzat antolatzen diren jarduerak ez dira iristen ikasle batzuengana, eta Txalupan programaren bidez, haurrei aukera ematen zaie herriko aisialdi eta kirol jardueretan parte hartzeko.

Programa HHtik DBH 4ra bitarteko hizkuntza integraziorako zailtasunak dituzten Orioko ikasleei zuzenduta dago. Ikasle horiei aukera emango zaie herriko eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeko datorren ikasturtean eta 2027ko udan, eta udalak ordainduko ditu jarduera horien kostuak, programaren aurrekontuak ahalbidetzen duen neurrian.

Programan parte hartzeko, interesdunek herriko bi ikastetxeen bidez aurkeztu beharko dute eskaera, maiatzaren 27a baino lehen. Hemen daude aurtengo deialdiaren oinarriak.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide