Hasi da Balearen Egunerako atzera kontaketa. Larunbat honetan ospatuko dute egun handia, eta, tartean, herri ikuskizun erraldoiaz gozatzeko aukera izango da. 1901. urteko maiatzaren 14an balea harrapatu zuten eguna islatuko dute bertan, eta emanaldiaren zuzendaritzaz arduratu dira aurten Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizola azpeitiarrak. Zuzendari lanak egin ditu lehenak, eta zuzendariaren laguntzailea izan da bigarrena.
Izatez, bost urtean behin ospatzen dute Balearen Eguna Orion, baina azkena bertan behera utzi behar izan zuten, koronabirusaren ondorioz. Hori horrela izanik, hamar urte ondoren itzuliko da festa handia Oriora. Gainera, balea harrapatu zuteneko 125. urteurrena da aurten. Urte luzez Iñake Irastorza oriotarra izan da ikuskizunaren zuzendaria, baina erretiroa hartu du, eta haren lekua hartu dute Agirrezabalak eta Olaizolak. Agirrezabalak kontatu duenez, Irastorzak ondutako "egitura sendo" bati ekarpenak egin dizkiote, "herria eta herritarrak entzunda".
"Beso zabalik"
Bi azpeitiarrak ibiliak dira herri ikuskizunak antolatzen, baina estreinakoz zuzenduko dute Oriokoa. Olaizolak aitortu du hasiera-hasieratik herriarekiko "errespetu handiz" jokatu dutela, "baita bertako biztanleekiko ere". Horrelako kasuetan kontuan izan behar da "zu zarela beste herri batera zatozena", esan du Olaizolak. "Herria entzun dugu, herritarrak entzun ditugu, eta ezagutu dugu beraiek nola bizi duten egun hau", gaineratu du.
Ildo beretik, Agirrezabalak kontatu du "beso zabalik" hartu dituztela oriotarrek. "Oso anfitrioi onak" izan direla ere gehitu du, eta esan du kostako herrietako ohiturak ezagutzeko beta izan dutela proiektuari esker. "Entseguetako batera arropa ekarri ziguten, aurretik zein neurri erabiltzen genuen galdetuta; beraz, gu ere prest gaude larunbaterako", esan du, barrez, Olaizolak.
Atzeko lan handia
Ehundik gora lagunek parte hartuko dute herri ikuskizunean, eta horiek guztiak antolatzeko "ordu asko" behar izan dituztela aitortu du Agirrezabalak. Gaineratu duenez, "une oro" izan dute Orioko Udalarekin harremana: "Ia egunero hitz egin dut udal langileekin, eta oso babestuta sentitu naiz". Horrez gain, "jendearen jarrera positiboa" nabarmendu nahi izan du azpeitiarrak: "Hori baino osagai hoberik ez dago zerbait ondo ateratzeko".
125 urte atzera egingo du Orioko herriak larunbatean, eta ikuskizunaren barruan, antzerki txikiak ikusi ahal izango dira alde zaharreko hainbat txokotan. Orotara, hiru zati izango ditu emanaldiak, 11:45ean hasita. Alde batetik, alde zaharreko txokoetan aipatu antzerki txikiak eskainiko dituzte hainbat taldek, garai hartako lanbideak irudikatuz, hala nola eskabetxeria, goi mailako joskintza tailerra zein koltxoi egile eta konpontzaileak.
Bigarren zatian, 12:30 aldera hasita, talaieroak Goiko Kaletik balea ikusiko du itsasoan, eta kanpaiak joko dituzte. Denak plazara jaitsiko dira, eta bost trainerutan balea ehizatzera joango dira.
Hirugarren eta azken zatian, balea plazara eramango dute, eta hango oholtzan dantza, antzerkia eta musika uztartuko dituzte.
Kaleko ikuskizun bat izanik, kontrolatu ezin duten faktore batek urduritzen ditu bi zuzendariak: eguraldiak, hain zuzen ere. "Ez dago gure esku; horregatik, pentsatu behar dugu dena ondo joango dela. Azken finean, horren guztiaren gainetik dago eguna bera", azpimarratu du Olaizolak.
Jostunak
Maria Rosario Etxeberriak eta Rosaura Bravok parte hartuko dute herri ikuskizunean, beste hainbat lagunekin batera. Goi mailako joskintza tailer bat irudikatuko dute beraiek larunbatean. Bravoren hitzetan, zerbait "elegantea" egitea da osatu duten taldetxoaren helburua.
Horretarako, bakoitza pertsonaia baten azalean jarriko da, eta, noski, asmatutako izenak izango dituzte. Baina, ez dituzte nolanahiko izenak hautatu; kontatu dutenez, beraien amonen izenekin gorpuztuko dituzte larunbatean euren pertsonaiak.
Era batera edo bestera, baina kontzientzia dutenetik ateratzen dira Etxeberria eta Bravo Balearen Eguneko ikuskizunean. "Oso saltserak gara", diote antzezleek.
Bravoren hitzetan, "oso gustuko" dute egun hori, nahiz eta aurreko lan asko eskatzen duen. Goizetik iluntzera arteko festa egingo dutela ere gaineratu dute larunbatean jostun 'elegante' bihurtuko direnek.