Balearen Egunaren egitarauaren barruan, gaiari lotutako hainbat hitzaldi programatu ditu Orioko Udalak. Joan den astean Selma Huxley zenaz aritu zen haren semea, eta gaur, asteartea, euskal arrantzaleek Ipar Atlantikoan utzitako arrastoaz mintzatuko da Miren Egaña etnografoa eta Aranzadi zientzia elkarteko kidea. 19:00etan emango du hitzaldia, Salatxo aretoan –eguraldi txarragatik aldatu dute tokiz, berez zimitorioan baitzen–, Gure arrantzaleak Ipar Atlantikoan, baleetara bakarrik ez izenburupean.
Udalak azaldu duenez, XIII. mendetik aurrera, euskal kostatik Galiziara joandako euskal baleazaleen ibilbidea izango du hizpide Egañak. Gerora, XVI. mendetik aurrera, Ipar Atlantikoa gurutzatu zuten, Kanadako ur hotzetara, eta han, baleak ez ezik, bakailaoak, kastoreak, itsas txakurrak eta herri ugari topatu zituzten. XVII. mendean, halaber, Europa iparraldera ere jo zuten. "Honenbestez, Atlantikoaren bi aldeetan utzitako aztarnak azalduko ditu Egañak, hala nola, labeak, teilak eta, bereziki, euskal jatorriko leku-izenak… Eta saioak aukera emango du euskal arrantzaleen jarduna ulertzeko eta Orioko itsas ondarearekin lotutako pasarte historikoetan sakontzeko".
Beste bi hitzaldi ere bai
Gaurkoa ez da aste honetako hitzaldi bakarra izango: ostegunean, izan ere, Benito Lertxundi musikaria ariko da solasean Ibon Gaztañazpi kazetariak gidatuta. Arraunetxen da hitzordua, 19:00etan, eta herritarrek aurrez zein bertan galderak egiteko aukera izango dute.
Hurrengo asteartean, azkenik, Jon Agirresarobe Torrotxo euskara eta kultur teknikariak eta Pedro Migel Uranga arrantzale ohiak eskainiko dute hitzaldia, 19:00etan zimitorioan, Sardinatan edo antxoatan ari ziren izenburupean.