Dena prest du Danbolin musika eta dantza eskolak larunbat honetan eskainiko duen 40. urteurreneko kontzerturako. Ekitaldia Karela kiroldegian izango da 22:00etan, eta eskolako ikasle ia guztiek parte hartzeaz gain –300dik gora–, hainbat gonbidatu igoko dira oholtzara, itsas giroko abestiak kantatzera edo jotzera. Urteurrena Balearen Egunaren egitarauaren barruan txertatu du udalak, eta horregatik, keinu argia egingo diote itsasoari.
Gonbidatuen artean daude Salatxo abesbatza, Errikotxia bertso eskola eta Hereje Fighters musika taldea, baita norbanakoak ere, esaterako, Intza Unanue, Imanol eta Iratz Urkizu aita-alabak, Iñaki Larrañaga eta etxabetarrak.
Kiroldegiaren edukiera mugatua denez, aurrena partaideei banatu dizkiete gonbidapenak, eta orain, herritar guztientzat eskuragai jarri dituzte musika eskolan bertan –14:30-19:00 ordutegian–. Gonbitak soberan geldituko balira, kontzertuaren egunean ere eskuragarri egongo lirateke, kiroldegiko harreran.
Honakoa da kontzertuaren egitaraua:
- Txistu, esku-soinu eta gitarra taldeak, Musika eta Mugimendua, Musika Mintzaira, eta kantu eta dantzako ikasleak. Gonbidatua: Salatxo abesbatza. Abestiak: Marmoka dantza, Itsasontzi baten, Itsaso ondoan eta Ixil-ixilik.
- Soka taldea eta dantzako ikasleak. Gonbidatuak: Intza Unanue, Hereje Fighters, Etxabetarrak. Abestiak: Itsasoa laino dago, Itsasoa gara, Zu gabe eta Greziako itsasontzia.
- Trikitixa eta pandero taldea, eta dantzako ikasleak. Gonbidatuak: Imanol eta Iratz Urkizu, Errikotxia bertso eskolako kideak eta Iñaki Larrañaga trikitilaria. Abestiak: Welcome to the beach, Itsasoan urak haundi, Markonikin Ameriketara eta Dotore datoz.
- Musika bandako eta dantzako ikasleak. Gonbidatuak: Hereje Fighters, Imanol eta Iratz Urkizu, eta Iñaki Larrañaga. Abestiak: Bertso doinua, Arrantza eta Zortzi orduko ekaitza.
- Amaiera: partaide guztiek elkarrekin abestuko dute Abordatzera kantua.