Trainerillen Ligako laugarren jardunaldiak hartu ditu Orioko urak

Mireia Galarza Bastida 2026ko maiatzaren 3a

Gizonezkoen absolutu mailari dagokionez, Kopa eta Ligako jardunaldiak lehiatu zituzten. Ligan, Orio izan zen azkarrena (13:38,40), eta atzetik izan zuen Getariako ontzia (14:05,29). Emakumezkoen bi talde uretaratu ziren, Orio A eta B, eta lehen horrek bigarren sailkatzea lortu zuen (15:42,14), San Juanen atzetik

Atzo arratsaldean jokatu zuten Orioko uretan 2026ko Gipuzkoako Trainerilla Ligako laugarren jardunaldia, eta bertan izan ziren kadete, jubenil eta absolutu mailako arraunlariak.

Absolutu mailari dagokionez, Orio fin ibili zen bai nesketan eta bai mutiletan. Emakumezkoen bi talde uretaratu ziren, Orio A eta B, eta lehen horrek bigarren sailkatzea lortu zuen (15:42,14), San Juanen atzetik bakarrik (15:30,14). Laugarren eta azken postuan sailkatu ziren zumaiarrak, eta tartean, bosgarren, helmugaratu zen Orioko bigarren ontzia. 

Gizonezkoen absolutu mailari dagokionez, Kopa eta Ligako jardunaldiak lehiatu zituzten. Ligan, Orio izan zen azkarrena (13:38,40), eta atzetik izan zuen Getariako ontzia (14:05,29). Zarautz, aldiz, laugarren izan zen (14:28,57). Kopako emaitzei erreparatuta, Orioko B eta C ontziak izan ziren azkarrenak, hurrenez hurren 13:51,73 eta 13:56,39ko denborak lortuta, eta laugarren (14:35,04) eta bosgarren (14:52,62) sailkatu ziren Zarauzko beste biak. 

Gaur, Getarian

Atzokoarekin nahikoa ez, eta gaur ere izango da arraun dosia eskualdeko uretan. Zehazki, Arrantzale Egunarekin bat eginez, Antxoa Eguneko Ikurriña izango dute jokoan arraunlariek 11:00etan hasita. 

Hainbat ontzik parte hartuko dute bertan, tartean, Getariak, Oriok, Zarautzek eta Zumaiak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide