Etxeluze gaztetxeak 16. urteurrena ospatuko du ekainean, eta eguna iritsi baina lehen, hiru ekitaldi antolatu dituzte motorrak berotzen hasteko. Lehena maiatzaren 22an izango da, hain justu, eta bi talde gonbidatu dituzte festa giroa jartzera: Gailu eta Harat, zehazki. Emanaldiak iluntzeko 22:00 aldera hasiko dira, eta sarrerak gaztetxean bertan izango dira salgai, 8 euroan.
Gailu Andoainetik (Gipuzkoa) datorren taldea da. Bertako kideak BAP!!, Anari, Inoren ero ni edota Occhi di Farfalla bezalako taldeetan jo duten eta jotzen duten musikariak dira. "Erritmo dantzagarri eta errezitazio paregabeekin, jendea dantzan jartzen duten hirukotea da honakoa", kontatu dute antolatzaileek.
Harat, berriz, Beratik (Nafarroa) dator, eta ibilbide luzea duten musikariez osatua dago. "Beraiek egiten dutenari ezin zaio etiketa jarri, benetan merezi du laukotea oholtzan ikusteak. Rocketik abiatuta, soinu, erritmo eta hitz garratz-gozoak eskaintzen dituen taldea da honakoa hau".