Moila sendotzeko urte erdi iraungo duten lanak hasiko ditu laster Eusko Jaurlaritzak oinezkoentzako pasabidetik Kofradiaraino

Onintza Lete Arrieta 2026ko apirilaren 25a

Moila. (Onintza Lete Arrieta)

Orioko Udalak ohar bidez azaldu du esku hartzeak hiru helburu dituela: kaiaren egonkortasuna hobetzea, klima aldaketak eragindako itsas mailaren igoeraren aurrean azpiegitura egokitzea eta 50 zentimetro igotzea, eta portu eremuaren funtzionaltasuna handitzea. 

Orioko Udalak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak hainbat lan egingo dituela moilan, zehazki, oinezkoen pasabidetik hasi eta Kofradiara arteko eremuan. Datozen egunetan hasiko dituzte obrak, eta horiek 6-8 hilabeteko iraupena izango dute. 

Lanak hainbat fasetan egingo dituzte, eta trafikoan izango duten eragina ere ezberdina izango da une bakoitzean. Dena den, udalak aurreratu du kamioien joan-etorria "handia" izango dela, eta ahal den neurrian, herriko sarrera-irteerak Txanka hondartzatik egitea gomendatuko du.

Lanek hiru helburu izango dituzte: batetik, kaiaren egonkortasuna hobetzea; bestetik, klima aldaketak eragindako itsas mailaren igoeraren aurrean azpiegitura egokitzea eta 50 zentimetro igotzea; eta hirugarrenik, portu eremuaren funtzionaltasuna handitzea. Udalak azaldu du kaiaren egoeraren inguruan azken urteetan egindako azteketa teknikoek agerian utzi dutela zenbait zatitan sendotze lanak "beharrezkoak" direla eremuaren egonkortasuna bermatzeko, "urteek eta erabilerak eragindako higadurari erantzunez". Horrez gain, azpiegitura itsas mailaren igoerara egokitu nahi da, klima aldaketaren ondorioei aurrea hartuta. Eta, azkenik, portu eremuaren eraginkortasuna eta funtzionaltasuna hobetu nahi dira, bai ontzien jardunerako, baita herritarren eguneroko erabilerarako ere.

Udalaren ustez, herriarentzat garrantzitsua da lan hauek egitea: "Portuaren zati hori garrantzitsua da herriarentzat, bi erabilera nagusi uztartzen dituelako: alde batetik, baxurako ontzien jardunerako eta porturatze lanetarako eremua da; eta bestetik, herritar askok egunerokoan erabiltzen duten pasabidea ere bada. Horregatik, esku hartze honen bidez, azpiegituraren segurtasuna, erabilgarritasuna eta moldagarritasuna hobetuko dira".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide