Maiatzaren 17an, 20:00etan, Balearen Egunaren egitarauaren barruan, Benito Lertxundiren ibilbide oparoari aitortza egingo dion kontzertua izango da. Kontzertua maiatzaren 15ean egitekoa zen, baina soinu-teknikarien greba dela medio, Orioko Udalak data aldatzea erabaki du greba egingo duten eragileen aldarrikapenekin bat egingo duelako.
Bertan, Et Incarnatus orkestra sinfonikoa eta Euskal Herriko lau haur-abesbatza izango dira, eta Lertxundiren abesti mitikoenak interpretatuko dituzte. Migel Zeberiok hartuko du orkestra sinfonikoa zuzentzeko lana, eta guztira 150 parte-hartzaile izango dira: 50 musikari eta 100 haur.
Kontzerturako sarrerak gaur arratsaldean jarriko dira salgai, 17:00etan Orioko turismo-bulegoan. Asteartean 10:00etatik aurrera online erosteko aukera ere egongo da. Guztira 1.000 sarrera salgai jartzea aurreikusten dute, 700 turismo bulegoan eta 300 online. Sarrera bakoitzak 20 euroko prezioa izango du, eta pertsona bakoitzak ezingo ditu lau txartel baino gehiago erosi.
Mugitzeko ahalmen urritasuna dutenek turismo-bulegoko langilea ohartaraztea gomendatzen da, antolakuntzak kontuan izateko.