1901eko maiatzaren 14an, bost trainerutan 60 arrantzale abiatu ziren Orioko uretan ikusi zuten balea ehizatzera. Kantauri itsasoko azkena izan zen, eta 125 urte geroago, ospakizun bereziak antolatu dituzte Orioko Udalak eta herriko eragileek aurtengo Balearen Egunaren bueltan.
Hain justu, gaur goizean eman dute egitarau osoaren berri, Mutiozabal Txo ontziolaren parean. Balearen Eguneko kartel lehiaketako irabazle Larraitz Lopetegi izan da bertan, eta berak diseinatutako lana izango da aurtengo ospakizunaren irudi nagusia. Haurren kategorian, berriz, Alex Barrancoren kartela izan da irabazle.
Maiatzaren 16an, larunbatarekin izango da jai egun handia, eta ohi bezala, herri ikuskizuna izango da eguneko momentu garrantzitsuena. Goizeko 11:45etan hasita, antzerkitxoak egingo dira herriko Alde Zaharrean, eta 12:30etik aurrera, balearen ehiza, moilara etorrera eta herritarren festa irudikatuko dituzte herritarrek.
Jarraian, udalak mahaiak eta aulkiak jarriko ditu herritarren eskura Herriko Plazan, nahi dutenek bertan mokadua egiteko aukera izan dezaten. GUKAk, gainera, bere produktuak saltzeko postua jarriko du plazan, baita haurrekin eskulanak egiteko txokoa ere. Arratsaldean, Ttipika dantza gidatuek eta Itzal erromeriak alaituko dute herria, eta gauean DJ Ostok jarriko du musika.
Xabier Ibarguren Kultura zinegotziaren hitzetan, "aurten esfortzu berezia egiten ari gara Balearen Eguna prestatzen, urteurrenak merezi duen tamaina izan dezan". Herri ikuskizuna, hain zuzen, Xanti Agirrezabalak eta Erika Olaizolak zuzenduko dute, Iñake Irastorza erretiroa hartuta dagoelako.
Benito Lertxundi, festaren erdigunean
Askotarikoak izango dira maiatzean zehar ospatuko diren jarduerak, horien artean bereziena Benito Lertxundiri egingo zaion omenaldia. Kontzertu formatuan izango da maiatzaren 17an, igandearekin, eta horrekin amaituko da aurtengo egitaraua. Horretarako, Et Incarnatus orkestra sinfonikoa eta Euskal Herriko lau haur abesbatza igoko dira oholtzara, musikariaren abesti ezagunenak kantatzera.
Olatz Zugastik kontatu duenez, "gogotsu gaude, emanaldi berezia izango baita". Migel Zeberio orkestraren zuzendariak ere "ilusio handiz" hartu du proposamena, eta hilabeteetako lanaren emaitza izango da kontzertua.
Udalak zehaztu duenez, guztira 150 parte hartzaile izango ditu kontzertuak; 50 musikarik osatuko dute orkestra sinfonikoa, eta 100 haurrek abesbatza. Emanaldirako sarrerak ostiral honetan jarriko dituzte salgai, 17:00etatik aurrera Turismo Bulegoan, eta asteartetik aurrera online erosteko aukera ere egongo da. Udalak 1.000 sarrera salgai jartzea aurreikusi du; 700 Turismo Bulegoan eta 300 online, zehazki.
Emanaldi horren aurretik, maiatzaren 7an, solasaldia eskainiko du Lertxundik berak, Arraunetxean. Hitzordu horren bitartez, herritarrek aukera izango dute Lertxundiri bere ibilbide artistikoari, abestiei edota bizipenei buruzko galderak egiteko. Gainera, udalak aurreko egunetan esteka bat partekatuko du herritarrekin, Benitorentzako galderak jasotzeko.
Saio horretarako doako gonbitak apirilaren 29an, asteazkenean, jarriko dituzte eskuragarri Turismo Bulegoan, 17:00etatik aurrera.
Hitzordu bereziak
Jai giroko ekitaldiez gain, arrantzari lotutako hitzaldiak ere nabarmendu behar dira. Hain justu, hilaren 29an eta maiatzaren 5ean eta 12an, arrantzaren historiari lotutako hiru hitzaldi eskainiko dituzte, hurrengo hizlariekin: Michael Barkham Huxley, Miren Egaña Goya, eta Jon Agirresarobe Lopetegi eta Pedro Migel Uranga Uranga.
Hitzaldiak ez ezik, kantu afari herrikoia ere antolatu dute estreinakoz maiatzaren 8rako, 20:00etan, Herriko Plazan. Txartelak apirilaren 28an, asteartean, jarriko dituzte eskuragai, 17:00etatik aurrera, Turismo Bulegoan. Helduentzako bi menu eta haurrentzako menua izango dira aukeran, eta pertsona bakoitzak, gehienez, lau txartel hartzeko aukera izango du.
Bertso afaria ere izango da aurten. Balea elkartean ospatuko da, hain justu, maiatzaren 14an, elkarteko kideek eta Errikotxiak antolatuta. Afari horretarako txartelak ostiral honetan jarriko dituzte salgai Kolon Txikin eta Kutixin, 25 euroan.
Gainera, Danbolin Musika eta Dantza Eskolak 40. urteurrena ospatuko du aurten, eta Balearen Egunaren testuinguruan, urteurrena ospatzeko kontzertu berezia eskainiko da. Emanaldia maiatzaren 9rako iragarri dute, 22:00etan Karela kiroldegian, eta Elena Errasti zuzendariak aurreratu duenez, "Danbolinen parte izan diren eta garen musikariok prestatutako saioa izango da, 350 lagunetik gora bilduko dituena".
Sormen Bizian Beka
Udalak 2024an aurkeztu zuen Orioko Kulturaren Egoeraren Plan Estrategikoa, eta 2024-2028 epealdirako osatu den dokumentuan zehazten denez, herritarrei "sorkuntzarako baliabideak eta espazioak bermatzea" da planaren helburuetako bat.
Hori horrela izanda, "ekintza zehatz" bezala jasota dago sorkuntza sustatzeko Sormen Beka bat garatzea. Udalak 2026an ikusi du egitasmo hori garatzeko aukera, eta Balearen Egunaren testuinguruan aurkeztu, "arrazoi argi" batengatik: bekaren lehen edizioan, Benito Lertxundiren biografian edota obra artistikoan oinarritutako lanak aurkeztu beharko dira.
Zehaztu dutenez, proposamenak oinarri arautzaileetan zehazten den modura baloratuko dituzte, eta ondoren, puntu gehien lortu dituen proiektuari emango zaio beka. Udalak aurreratu duenez, dirulaguntza 7.000 eurokoa izango da, eta datozen egunetan emango dituzte xehetasunak.
Balearen Eguneko egitaraua:
- Apirilak 24, ostirala: haurrei zuzendutako Arrainak bihotzean antzezlana, 17:00etan Kultur Etxean. Ez da sarrerarik behar.
- Apirilak 25, larunbata: Errio dokumentalaren proiekzioa, 19:00etan Kultur Etxean. Ez da sarrerarik behar.
- Apirilak 29, asteazkena: Kanadatik Oriora, ezagutzen al dugu Selma Huxley zientzialariaren historia? hitzaldia, Michael Barkham Huxley-ren eskutik. 19:00etan, Zimitorioan.
- Maiatzak 5, asteartea: Arrantzaleak Ipar Atlantikoan, baleetara bakarrik ez hitzaldia, Miren Egañarekin, 19:00etan Zimitorioan.
- Maiatzak 7, osteguna: Benito Lertxundirekin solasaldia, 19:00etan Arraunetxean.
- Maiatzak 8, ostirala: Kantu-afari herrikoia, 20:00etan, Herriko Plazan.
- Maiatzak 9, larunbata: Danbolin Musika eta Dantza Eskolaren 40. urteurren kontzertua, 22:00etan Karela kiroldegian.
- Maiatzak 10, igandea: Artisau eta sortzaile azoka, egun osoan zehar, Herriko Plazan eta Endaia Plazan.
- Maiatzak 12, asteartea: Sardinatan edo antxoatan ari ziren hitzaldia, Jon Agirresarobe Lopetegi eta Pedro Migel Uranga Urangarekin, 19:00etan Zimitorioan.
- Maiatzak 14, osteguna:
- 17:00etan, Sormen Bizian Lab: Balea proiektuaren emaitzen aurkezpena, Herriko Plazan.
- 19:00etan, Orioko Txaranga kalez kale.
- 20:00etan, bertso afaria Errikotxia eta Balea elkartearen eskutik, Balea elkartean.
- Maiatzak 16, larunbata, Balea Eguna:
- 11:00etan, sardina-jana eta sagardoa, Herriko Plazan.
- 11:45ean, Balearen Eguneko kale-ikuskizuna Kale Nagusiko aldapan, Zimitorioan, Pilliku Plazan, Bentaenea parean eta Herriko Plazako aldapan.
- 12:30ean, kanpai-hotsa: balea harrapatzera joateko deia. Segidan, balearen ehiza Oribazar parean.
- Ondoren, balea moilara eta emanaldia Herriko Plazan. Antzerkia, dantza eta musika. Bukatzeko, festa Pello eta Nikolasarekin, Orioko Txarangak girotuta.
- 17:00etan, Ttipika dantza gidatuak, Herriko Plazan.
- 19:00etan, Itzal taldearekin erromeria, Herriko Plazan.
- 22:00-01:00 artean, Osto DJa, Herriko Plazan.
- Maiatzak 17, igandea: Benito Lertxundi omenduz kontzertua, Et Incarnatus orkestra sinfonikoa haur abesbatzarekin, 20:00etan Karela kiroldegian.