Orioko 'Beti aingeru' ontziko kapitaina atxilotu dute, Angelun antxoa arrantzatzea egotzita

Mireia Galarza Bastida eta Intza Trula 2026ko apirilaren 17a

Antxoa ugari, Getariako portuan. (Guka)

Apirilaren 9an atxilotu zuten, ontzian 6,4 tona antxoa zeramatzala. Urtebeteko espetxe zigorra eta 75.000 eurorainoko isuna jaso dezake. Ez da lehen aldia Beti Aingeru ontzia lerroburutan azaltzen dena.

Orioko Beti aingeru ontziko kapitaina atxilotu zuten apirilaren 9an, Angelun (Lapurdi) antxoa harrapatzen ibiltzeagatik. Baionako fiskal Mariel Garrigosek jakinarazi duenez, atxilotu zutenean 6,4 tona antxoa zeramatzan ontzian.

Baionako portuan egon zen ontzia atzo arte, eta 10.000 euroko fidantza ordainduta askatu zuten. Urrian izango da epaiketa, eta urtebeteko espetxe zigorra eta 75.000 euroko isuna jaso ditzake kapitainak.

Guka Orioko Kofradiako kideekin jarri da harremanetan, gaiari buruzko adierazpenak eskatzeko, baina haiek azaldu dutenez, tirabira batzuk medio, Beti aingeru ontzia Pasaiako Kofradiako kide da egun, nahiz eta ontzian Orio herria azaltzen den. "Guk ere prentsa bitartez dakigu dakiguna, ezer gehiago ez", gehitu dute. 

Lehen aldia ez

Ez da lehen aldia Beti Aingeru ontzia lerroburutan azaltzen dena. Iazko irailean ontzi bereko patroiak eta armadoreak laguntza eskatu zioten Guardia Zibilari Asturiasko (Espainia) uretan zeudela, ontziko hamasei tripulatzauleetatik hamabil mehatxuak egin zizkiela argudiatuta. 

Handik egun batzuetara, baina, ontziko arrantzaleek egin zuten agerraldian defendatu zuten "eskubideak aldarrikatzeko ekintza legitimoa" izan zela, "lan baldintza prekario eta diskriminazioaren aurkakoa". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide