Oriotarra da matxinada izan ote den ikertzen ari diren atunontziko armadorea

Julene Frantzesena 2025ko ira. 30a, 14:14

'Beti Aingeru' itsasontzia, artxiboko irudian, itsasoan.

Beti Aingeru ontziko patroiak eta armadoreak laguntza eskatu zioten Guardia Zibilari asteburuan Asturiasko (Espainia) uretan zeudela, ontziko hamasei tripulatzaileetatik hamabik mehatxuak egin zizkietela argudiatuta. Marinelek, berriz, ukatu egin dute matxinada eta erasorik egon zenik. Poliziak ikerketa abiatu du, eta sekretupean da.

Asteburuan Asturiasko (Espainia) uretan zebilen atunontzi batean matxinada izan al zen ikertzen ari da Guardia Zibila. Pasaiakoa (Gipuzkoa) da ontzia, Beti Aingeru izenekoa, eta urteetan Orion egondakoa, nahiz eta Jon Mujika Orioko Kofradiako lehendakariak Gukari baieztatu dionez, azken urteetan Pasaiko portuan duen bere egoitza.

Larunbat eguerdian jazo zen gertakaria. 15:00 aldean larrialdi zerbitzuek Ribadesellatik (Asturias) hamabi bat miliatara zen arrantzontzi batetik jaso zuten alerta deia. Kapitainaren salaketaren arabera, ontziko hamasei tripulatzaileetatik hamabik mehatxuak egin zizkioten. Guardia Zibilak zehaztu duenez, Gipuzkoako arrantza ontzira abiatu zen patruila ontzi bat, laguntza eskaintzera, baina egoera “lasaituta” zegoela eta, ez zuten itsasoan esku hartzerik egin behar izan.

Dena den, Guardia Zibilaren laguntzaz iritsi zen Pasaiako ontzia Gijongo El Musel portura, patroiak eta armadoreak tripulazioa matxinatzen saiatu zela salatu baitzuten. Gukak jakin ahal izan duenez, armadorea oriotarra da, eta hark Euskadi Irratian hitz egin zuen atzo. Haren arabera, eskifaiako kide batzuek bere aginduei muzin egin zieten eta oldartu egin zitzaizkion. "Bost aldiz eman nien abisu lan egiteari uko egin ziotelako, eta horietako batek eraso egin zidan; ia-ia uretara erori nintzen", adierazi zuen. Patroiak berretsi egin zuen armadoreak esandakoa: "Tripulatzaile batek gerritik hartu eta uretara botatzeko altxatu zuen, baina nik sorbaldatik hartu nuen, uretara erori ez zedin".

Matxinada izan al zen sekretupean ari da ikertzen Guardia Zibila larunbataz geroztik. Hain zuzen ere, hiru tripulatzaile ari dira ikertzen; kapitaina mehatxatzeagatik eta armadoreari eraso egiteagatik. Guardia Zibilak dagoeneko hartu die deklarazioa tripulazioko hiru kideei, mehatxu eta eraso delituak egitea egotzita.

Eskifaiako kideak –ikerketapean direnak tartean– senegaldarrak dira, eta hedabideetan hitz egin dute haiek ere. Armadoreak mehatxu egiten ziela salatu dute horiek, eta 26 egun etxera joateke zeudenez, itzultzea nahi zutela zehaztu. Halaber, ontzian ez zela matxinadarik izan eta ez zutela inor mehatxatu eta erasotu esan dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide