Bi jarduera antolatu dituzte datorren asterako, Balearen Eguneko kultur programa abiatzeko

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 16a

'Errio' dokumentalaren fotograma bat.

Maiatzaren 16an ospatuko dute aurten Balearen Eguna, eta aurrerapen modura, udalak bi jarduera antolatu ditu datozen egunetarako: batetik, haurrei zuzendutako Arrainak bihotzean antzezlana; eta, bestetik, Errio dokumentalaren proiekzioa.

Orioko Udalak datorren astean emango du Balearen Eguneko kultur egitarau osoaren berri. Aurrerapen modura, ordea, bi jarduera antolatu ditu datozen egunetarako: batetik, haurrei zuzendutako Arrainak bihotzean antzezlana; eta, bestetik, Errio dokumentalaren proiekzioa.

Lehen hitzordua Mar Mar Teatro konpainiaren eskutik izango da, apirilaren 24an, ostiralarekin, 17:00etan Kultur Etxean. Sarrera doakoa izango da, eta ez da aurrez gonbidapenik edo sarrerarik eskuratu beharko.

Antzezlanak Martiren istorioa kontatzen du: kresal usaina duen herri eder batean bizi den haurra da, eta ez daki beldurrak non bizi diren. Aita marinela du, eta portuan haren zain dagoen egun gris batean, ekaitz batek uretara botako du. Une horretatik aurrera, itsas hondoan barrena nahitaezko bidaia bati ekingo dio; bidean, arrainen eta beldurren hizkuntza ikasi beharko du, bere burua eta ingurua beste modu batera ulertzeko. Hiru urtetik gorako haurrei zuzendutako proposamena da.

Bigarren hitzordua, berriz, Errio dokumentalaren proiekzioa izango da. Saioa larunbatean eskainiko dute, 19:00etan Kultur Etxean, eta kasu honetan ere ez da aurrez sarrerarik eskuratu beharko.

Ibon Gaztañazpi kazetari oriotarrak zuzendutako ikus-entzunezkoak Orioko itsas ondarea jasotzen du, eta horretarako, errioaren historia eta istorioak kontatzen ditu Nagore Urdapilleta Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariak. Hainbat gairi buruz hausnartzen du lanak, galdera batzuk planteatuz. Esaterako: nolatan lehiatu zuen Oria bezalako ibai koxkor batek Rin, Tamesis, Sena, Guadalquivir eta Europako beste ibai garrantzitsuenekin XVI. mendetik aurrera?...

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide