Saneamendu sarea konpontzeko bihartik hilaren 10era aurreikusitako lanak atzeratu egingo dira

Maddi Txintxurreta 2026ko apirilaren 6a

Eusko Gudari kalearen zati bat (Onintza Lete Arrieta)

Herriko saneamendu sistema konpontzeko lanak apirilaren 10ean bukatuko zituztela aurreikusi zuten, baina bihartik aurrera aurreikusita zeuden zereginak atzeratu egingo direla jakinarazi du udalak.

Martxoaren 16an hasi zituzten herriko saneamendu sistema konpontzeko lanak, eta obrak apirilaren 10ean bukatuko zituztela aurreikusi zuen Gipuzkoako Ur Kontsorzioak. Alta, lanen bilakaeran aldaketak izan direla ohartarazi du udalak, eta ondorioz, bihartik ostiralera bitartean aurreikusita zeuden zereginak atzeratu egingo direla jakinarazi du.

Orain arte egindako lanek eragina izan dute herriguneko trafikoan, batez ere Eusko Gudari kalean, Kaia kalean eta Abeslari kaleko azken tartean, baina bihartik ostiralera bitartean ez da aldaketarik izango trafikoan. Lanak berrekiteko data berriak aurrerago jakinaraziko dituela esan du udalak.

Lanak udal saneamendu sarearen mantentze eta berritze lanen barruan kokatzen dira. Izan ere, udalaren esanetan, "azken azterketek agerian utzi zuten sareko zenbait puntutan konponketak egin behar direla, lotuneak irekita daudelako, hoditeriak pitzadurak dituelako eta haustura arriskua dagoelako". Hortaz, kolektore batzuk berritzen eta konpontzen ari dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide