Larraitz Lopetegik eta Alex Barrancok irabazi dute Balearen Eguneko kartel lehiaketa

Onintza Lete Arrieta 2026ko martxoaren 30a

18 urtez azpikoen kategoriko kartel irabazlearen zati bat.

Ehundik gora lan jaso ditu Orioko Udalak helduen eta 18 urtez azpikoen kategorian, eta helduen taldeko irabazlearena izango da aurtengo Balearen Eguneko kartela. 

Maiatzaren 16an ospatuko da Balearen Eguna, eta kartela aukeratzeko lehiaketa abiatu zuen otsailean Orioko Udalak. Proposamenak aurkezteko epea bukatuta, ehundik gora lan jaso ditu, 18 urtez azpiko eta helduen kategorietan. Epaimahaia asteartean bildu zen lanak baloratzeko eta irabazleak aukeratzeko, eta erabaki du helduen kategorian Larraitz Lopetegi saritzea, eta haur eta gaztetxoenean, Alex Barranco. 

Helduen taldeko irabazlearena izango da aurtengo Balearen Eguneko kartela. Sari modura, 300 euroko diru-saria eta 150 euroko bonu bat jasoko ditu, bigarren hori herriko establezimenduetan gastatzeko. Lopetegiren lanaren inguruan, epaimahaiak azpimarratu ditu "diseinuaren soiltasuna eta kutsu modernoa, eta elementu oso gutxirekin kartel ederra sortu izana".

2026ko Balearen Eguna iragarriko duen kartel irabazlea. (Larraitz Lopetegi)

Haur eta gaztetxoei dagokionez, irabazleak 100 euroko diru-saria jasoko du, eta 100 euroko bonua, herriko establezimenduetan erosketak egiteko. Barrancoren lanean, "Orioko elementuak kartelean dotore txertatu izana" jarri du balioan epaimahaiak, "ilustrazioaren bidez herriaren izaeraren parte bat islatuz".

Alex Barrancok sortutako irudiak irabazi du 18 urtez azpikoen kategoria. (Alex Barranco)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide