Hasi da atzera kontaketa. 24. Korrika berehala iritsiko da Oriora –ikus hemen egitarau osoa–, eta ohi bezala, giroa berotzeko Korrika Txikia egin dute herriko bi ikastetxeek elkarrekin. Eguraldia lagun izan ez duten arren, gaztetxoek gogo handiz eman diote hasiera gaurko egunari. 11:00etan abiatu dira ikasle zaharrenak, DBHkoak, hondartzatik herrigunerantz, eta eskuz esku pasatuz joan dira lekukoa adin txikiagoko ikaskideei, harik eta txikienak buru zirela euskararen aldeko uholde handi eta zaratatsua Herriko Plazara iritsi den arte.
Plazan, LH 4 mailako ikasleek pare bat bertso abestu dituzte, eta ondoren, Zetak taldearen Xiberutikan Mendebaldera abestiak girotuta, dantzan eta kantuan aritu dira.
Egun osoko festa
- 14:50-15:40. 24. Korrikak Orio zeharkatuko du, Aginagatik etorri eta Zarautzera jarraitzeko.
- 16:30. Txokolate beroa banatuko dute Herriko Plazan.
- 17:00. Haurrentzat antzezlana, Herriko Plazan.
- Ondoren. Triki-bertso poteoa egingo dute, Herriko Plazatik abiatuta, herriko bertsolari eta trikitilariekin, eta jaiari amaiera emateko Herriko Plazan jatekoa eta edatekoa banatuko dute herriko tabernarien eta Arkuperen laguntzarekin.