Sheila Melconek indarkeria matxistaren eta erreparazio prozesuen inguruko hitzaldia emango du Salatxon

Julene Sorarrain 2026ko martxoaren 20a

Sheila Melcon psikologo feminista. (utzitakoa)

Psikologo feministak hitzaldia eskainiko du martxoaren 26an, ostegunarekin, Salatxo aretoan, Indarkeria matxista eta erreparazio prozesuak izenburupean. Hitzordua, hain justu, Orioko Udalak indarkeria matxistari aurre egiteko martxan jarri duen prozesuaren barruan antolatu dute. 

Orioko Udala indarkeria matxistari aurre egiteko neurriak hartzen ari da, "herriko ehun sozial eta komunitarioa bidelagun". Bereziki, prebentzioan eta esku hartzean ari da urratsak ematen, besteak beste, "erakundeen arteko koordinazioa hobetzeko, zerbitzuak optimizatzeko eta berbiktimizazioa ekiditeko". Prozesu horri lotuta, herritarrei zuzendutako hitzaldia eskainiko du Sheila Melcon psikologo feministak martxoaren 26an, ostegunarekin, 18:00etan Salatxo aretoan.

Saioan erreparazio prozesuen inguruko hainbat ardatz landuko ditu, esaterako, erreparazio prozesuak zer diren eta duten garrantzia, erakundeen egitekoak, erreparazio komunitariorako ardatzak, praktika onen inguruko gogoeta, eta esperientziak. Hitzaldia herritar guztiei dago zuzenduta.

Indarkeria matxistak "askotariko formak" dituela adierazi du udalak. Indarkeria "fisikoa, psikologikoa edo ekonomikoa" izan daitekeela gaineratu du, baita "eremu desberdinetan" gertatu daitekeela ere, hala nola, "harreman sexu afektiboetan, familian, kirol esparruan eta espazio publikoan". Hori ez ezik, indarkeria matxista "emakumeak eta LGTBIQ+ kolektiboko pertsonak menderatzeko erabiltzen den indarkeria mota" dela salatu du, eta bere funtzioa, hain zuzen, "sistema heteropatriarkala sostengatzea" dela.

Orioko Udalarentzat "erronka garrantzitsua" da indarkeriari aurre egiten dieten emakumeen eta euren seme-alaben erreparazioa bideratzea. "Izan ere, indarkeria matxistei aurre egin dien edonork du erreparaziorako eskubidea". Alde horretatik, lehen printzipioa biktimaren "behar eta eskaerak aintzat hartzean" datza. Halaber, udalak azpimarratu du erakundeei dagokiela "indemnizazioa, egiaren aitortza eta indarkeria berriro ez errepikatzeko neurriak hartu direla bermatzea".

Bide horretan, Orion hainbat urrats egin direla zehaztu du udalak: alde batetik, erreparazio-prozesu bat "artatze on batetik" abiatzen denez, arreta eta kudeaketa hobetzeko neurriak hartu ditu, bereziki, profesionalei erreparazioaren inguruko formazioa eta baliabideak eskainiz. Bestetik, indarkeriaren erreparazio prozesuetan "ehun sozial eta komunitarioak" ere zeresana duela azpimarratu du, eta erasoa gertatu den eremuan "prozesu komunitarioak" bultzatu dira. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide