ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta HIRU sindikatuek deituta, greba orokorra egingo dute martxoaren 17an Hego Euskal Herrian, 1.500 euroko lanbide arteko gutxieneko soldata propioa aldarrikatzeko.
Hori horrela izanda, Orion dagoeneko prestatu dute egun horretarako egitaraua. Goizean goiz elkartuko dira plazan, 09:30ean, elkarrekin Donostiako manifestaziora joateko. Hain zuzen ere, 12:30ean hasiko da mobilizazioa Gipuzkoako hiriburuan, Pio XII. plazatik abiatuta. Arratsaldean, berriz, Oriora itzuliko dira, eta herrian bertan egingo dute manifestazioa, 19:30ean Herriko Plazatik hasita.