Orioko udalbatzarrak

Orio bizitegi merkatu tentsionatuko eremu deklaratzeko eskatu dio udalbatzak Jaurlaritzari

Onintza Lete Arrieta 2026ko otsailaren 27a

EH Bilduko eta EAJko zinegotziek aho batez onartu zuten eskaera atzo iluntzean egindako ohiko udalbatzarrean. Helburua argia da: herritarrei etxebizitzetarako sarrera erraztea. Galdera eta eskarien tartean, eztabaida luzea egon zen bi alderdien artean, EAJk etxez etxe banatu duen aldizkariko edukiaren harira. 

Otsaileko ohiko udalbatzarra egin zuen atzo Orioko udalbatzak, eta EH Bilduren eta EAJren zinegotzi guztien aldeko botoekin, aho batez onartuta gelditu zen Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari eskatzea has dezala Orioko udalerria bizitegi merkatu tentsionatuko eremu deklaratzeko prozedura. 

Eskaera hori egiteko hainbat urrats eman beharra zituen udalak, eta horiek eginak dituela azaldu zuen Jon Carrera udal idazkariak: ekintza plana, diagnostikoa eta memoria. 

Behin eskaera eginda, idazkariak jakinarazi zuen plana inplementatzeko hiru urteko epea egongo dela behin ebazpena dagokion aldizkari ofizialean argitaratzen denetik, eta hala, 2026an hasi eta ebazpenaren ondorioak 2029ra arte iraungo lukeela. 

Helburua eta iritziak

Planaren helburua ahoz gora irakurri zuen Carrerak, informazio argigarria ematen duela iritzita: "Helburua da oriotarrek eta, bereziki gatzeek, etxebizitza duin batera sarbidea izatea arrazoizko prezioetan eta beren beharretara egokitutakoa. Gainera, oriotar guztiek, berezki zaurgarritasun egoeran daudenek, etxebizitza eskuratzeko egin behar duten ahalegin ekonomikoa murriztea du helburu, horrela, herritarrak udalerrian errotzea sustatu nahi da, eta etxebizitza parkea oriotarren benetako beharretara egokitu". 

Orion azken bost urteetan alokairuaren prezioa ia %26 igo da

Bozketaren ondoren, bi alderdiek hartu zuten hitza. Noemi Ostolaza EAJko bozeramaileak esan zuen izendapen horrek onurak ekarriko dizkiola herriari: "Herria eremu tentsionatu izendatzeak tresnak ahalbideratzen ditu herriko etxebizitzak herritarrentzat eskuragarriago egon daitezen eta herriko bizilagunek bizi proiektua herrian bertan gauzatzeko". Planak "babes markoa" osatzen duela azpimarratu zuen, eta plan horretan "neurri zehatzak" markatzen direla, "batez ere alokairuaren merkatuari mugak jartzeko eta merkatua egonkortzeko". 

Olatz Santamaria EH Bilduko alkateordeak, bere aldetik, hainbat azalpen eman zituen udalak etxebizitzaren alorrean azken urteetan emandako pausoez. Esan zuen Jaurlaritza 2024an hasi zela herri batzuri izendapena ematen eta Orio zerrenda hartan ageri ez arren, udala martxan hasi zela aurreneko urratsak ematen, "gaiaren garrantzia kontuan hartuta". Hala, diagnostikoa egin zuten etxebizitzen eta gazteen emantzipazioaren inguruan (hemen ikusgai), eta ondoren, udalaren esku zeuden neurri batzuk hartu zituzten; besteak beste, etxe hutsei errekargua igotzea, erabilera turistikoko lizentzia gehiago ez emateko ordenantza onartzea; eta etxebizitza eremu berri guztietan babestutako etxebizitzak aurreikustea HAPOn. 

Santamariak jakinarazi zuen Orion azken bost urteetan alokairuaren prezioa ia %26 igo dela, "Gipuzkoako igoera handienetakoa", eta ondorioz, Jaurlaritzari eskaera formala egiteko aukera izan duela udalak. 

Alkateordeak nabarmendu zuen behin izendapena jasotakoan gaia sakonago herriratuko dutela, "herritarrak gardentasun osoz informatzeko". 

Kreditu aldaketak proiektu berrientzat

Udalbatzarrean hainbat kreditu aldaketa ere bozkatu zituzten, eta horiez azalpena eman nahi izan zuen Inaxio Alguacil EH Bilduko zinegotziak. Batetik, udala sortzear den energia komunitateaz aritu zen, azalduz iaztik prozesua abian dutela, eta orain urrats berri baten ordua dela: herrian energia komunitate berria sortzea. Gogorarazi zuen martxoaren 5ean eta 13an egingo dituztela bilera irekiak, eta esan zuen herritarrei informazio zehatza emango zaiela bertan. 

Esan zuen altxortegitik 500.000 euro atera dituztela inbertsioetan hainbat partida diruz hornitu eta inbertsioak abian jartzeko, eta horien artean, udaletxeko sarreran obra egingo dutela jakinarazi zuen, herritarren arreta zerbitzua han jartzeko. "Une egokia iruditu zaigu aldaketa egiteko, orain jarri delako martxan lau administrariren hautaketa prozesua, lanpostuak egonkortzeko bidean, eta horien kokapena berrikusteko momentu ona da". Gaur egun udaletxera sartu eta ezkerretara leihatila bat dago herritarrei aurreneko harrera egiteko, eta hori "eskas" gelditu dela nabarmendu zuen Alguacilek. 

Udal kanpineko gastu batzuetarako ere partidak daudela jakinarazi zuen, eta horiek igerilekuarekin lotuta daudela. Gainera, igerilekuaren obretan, "90.000 euroko desbideraketa" egon dela onartu zuen.

Eztabaida sutsua kanpinaz eta EAJren aldizkariaz

Atzoko udalbatzarreko puntu guztiak aho batez onartu zituzten arren, gai batzuen inguruan eztabaida egon zen udal gobernuaren eta oposizioaren artean. Aurreneko eztabaida udal kanpineko igerilekuak eragin zuen, zehazki, EAJk etxez etxe banatu duen aldizkarian alderdi horrek igerilekuaren udal kudeaketaz esandakoak, eta Alguacilek kargu hartu zion EAJri. Alderdi bakoitzak bere iritzia eman zuen.

Bigarren eztabaida, luzeena, galdera eta eskarien txandan etorri zen, Anuska Esnal EH Bilduko alkateak hitza hartu zuenean EAJren aldizkari horretako edukia kritikatzeko. Luze eta zabal erantzun zituen aldizkarian argitaratutako hainbat baieztapen, eta EAJk erantzun zien horiei ere. Albiste honetako bideoan dago osorik jasota eztabaida, 46:48 minututik aurrera. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide