Inauteriak 2026

Giro itzelean ospatu dira inauteriak eguraldiak asko lagundu ez arren

Aiora Arriola 2026ko otsailaren 14a

Ez da giro izan gaur goizean, euria eta haize zakarraren ondorioz mozorro desfilea bertan behera geratu baita. Edonola ere, oriotarrek eguerditik aurrera izugarrizko festa antolatu dute kiroldegian.

Ez da giro izan gaur goizean, eta euria eta haize zakarraren ondorioz mozorro desfilea bertan behera utzi behar izan dute. Edonola ere, oriotarrek eguerditik aurrera izugarrizko festa egin dute kiroldegian.

14:30 inguruan hasi dira bizilagunak Karela kiroldegian bazkaltzen, eta batzuek hara eraman dituzte goizean erakutsi ezin izan dituzten karrozak. Bapo jan eta edan ondoren, mahaiondoan egon dira herritarrak, haurrak jolasean ibili diren bitartean. 17:00etan berriz, mozorro eta dantza festarekin jarraitu dute kiroldegian, eguraldi kaxkarraren babesean. Ikusle zein parte-hartzaile mordoa joan da hara, eta kantu eta algara artean, talde bakoitzak bere mozorroak erakusteko eta desfilea egiteko aukera izan du.

Guztien ikuskizunez gozatu ondoren, Arkupe elkartearen eskutik eginiko sariak banatu dituzte. Karroza originalenaren lehen saria Korrika taldeak jaso du. Goizean goiz herrian barrena ibili dira "Tipi-tapa, tipi-tapa, ko-rri-ka" oihukatuz, eta ekitaldian ere halaxe egin dute, baita euskararen aldeko hitzartzea egin ere. Horiek Arkupe elkarteko dendetan erabiltzeko 300 euroko txartela jaso dute. Bigarren saria Orio Prix taldearentzat izan da, eginiko desfileaz gain, ekitaldian zehar ikaragarrizko giroa jarri baitute; 200 euroko erosketa txartela eskuratu dute horiek. Hirugarren saria, berriz, Bakearen furgoneta taldearentzat izan da, eta horiek kaxa sorpresa bat jaso dute saritzat.

Gainera, 19:00etatik aurrera, Orioko Txaranga kiroldegian izan da, eta musikariek zenbait abesti jo dituzte han zeuden herritarrak dantzan jarriz. Gauean, festa ondo amaitzeko, herria girotuko duten zenbait emanaldi ere izango dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide