Iaz Orioko inauterietako karroza onenaren saria Zarate Planeta taldeak jaso zuen, eta aurten ere mozorroak, karroza eta koreografia prestatzeko lanetan aritu da kuadrilla hori. "Ondo pasatzea izaten da gure helburu bakarra", azpimarratu dute, eta hala izango da, ez baitaude ziur aurtengo lehiaketan izena eman duten ala ez. "Epea gaur amaitzen zela uste dut", esan zien taldekide batek besteei joan den igandean, entseguaren erdian. Garaje batzuetan elkartzen dira, eta ez dute utzi aurtengo karrozari argazkirik ateratzen. "Sorpresa izatea da politena", diote.
50 laguneko taldea ateratzen da inauterietako desfilean, karrozarekin, musikarekin eta dantzarako prest. "Berez ez gara kuadrillakoak. Adin bereko umeak genituen, eta haiek txikiak zirenean hasi ginen inauterietarako elkartzen, ondo pasa zezaten", kontatu dute. "Bikoteetako askotan bat oriotarra da baina bestea ez, eta horregatik, inauteriez aparte ere elkartzen hasi ginen, kanpinera joateko eta abar", gaineratu dute.
Urte dezente igaro dira ordutik, haur zirenak nerabe bihurtu zaizkie, eta ez dakite zenbat urte gehiagoz lortuko duten seme-alabek beraiekin parte hartzea karnabaletako desfilean. "Oraingoz, aurten ere animatu dira", esan dute, gustura. Talde plurala da, "profil askotako" kideak dituzte, eta bakoitzak egiten du bere ekarpena: irudimena dute batzuek, esku lanerako jakintza beste batzuek, DJ sena ere bai bakarren batek... Zailena gaia aukeratzea izaten dela esan dute, umoretsu. Bozketa bidez aukeratzen dute, nahiz eta batzuetan irabazlea ez den besteren bat aukeratu duten, "proposatu duenaren egoskorkeriaren arabera". Gai batzuek zerrendan urteak pasatzen dituztela ere esan dute.

Hamarkada bat beteta
2014. urtean atera zen taldea aurreneko aldiz plazara. "Beti gai irekia jartzen saiatzen gara, errazago moldatzeko. Lehen urtean, Peter Pan filma hartu genuen oinarri; batzuk pirataz mozorrotu ziren, ume txikiak hartz pelutxez jantzi genituen, beste batzuk indioz, Peter Pan eta Campanilla pertsonaiez ere bai...", gogoratu dute. "Gaia bat izaten da, baina familia bakoitzak bere estiloa ematen dio". Batzuek mozorroa erosi egiten dutela azaldu dute, eta beste askok etxean eskulanak egiten dituztela; gero, osagarriak erosten dituzte. Hori bai, talde itxura emateko elementuren bat beti erabiltzen dute, "denak lotzen" dituena.
Hasieratik atera izan dira musika lagun hartuta, eta aurten, abestia beraiek sortu dute, adimen artifiziala (AA) erabilita.
Karrozarenak ere bere istorioa du: "Norbaiti bururatu zitzaion dragoi txinatar bat atera behar zuela. Bozketa egin, eta berdinketa egon zen, dragoi txinatarraren eta Erdi Aroaren artean. Hala, erabaki genuen Erdi Aroko dragoia ateratzea, eta gu denok Erdi Aroz janztea", kontatu dute. "Kasualitatez, Game of Thrones telesaila oso modan zegoen, eta urte hartan irabazi egin genuen".
Herritik sortutakoa
Azken urteetan indarra hartuz joan dira inauteriak herrian, eta gaur egun kuadrilla asko animatzen dira karrozak egitera, desfilean parte hartzera, eta koreografiekin lehiaketan parte hartzera. "Karroza lehiaketa aspalditik egiten da herrian. Urteren batean ez zen egin, baina berreskuratu egin da, eta uste dugu udalak ere bere alea jartzen duela festa indartzeko, adibidez, herri bazkaria antolatuz", esan dute iazko irabazleek. Hori bai, argi dute hazia herritarrek jarri dutela, eta ondoren indartu duela eguna udalak. "Guraso talde batzuk hasi ginen herrian gelditzen, umeekin errazena hori zelako, eta hala, jendea gehituz eta gehituz joan zen planera. Naturalki sortu den zerbait izan da", gogoratu dute.
Lehiatu edo ez lehiatu, ordu gutxi barru ikusiko da aurten zer ezustekorekin ateratzen diren kalera iazko irabazleak.