Iaz bezala, aurten ere, dantza eta kantu ikuskizuna antolatu du Txurrumuski kultur eta aisialdi elkarteak inauterietarako. Festa otsailaren 14an ospatuko dute, larunbatarekin; izan ere, elkarteak egun osorako egitaraua prestatu du. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez; otsailaren 8a izango da horretarako azken eguna.
Izena ematerakoan, taldearen izena eta abestia jakinarazi beharko dizkiote herritarrek festaren antolatzaileei. Ametsa gaztelekuan edota Ludotekan eman ahal izango da izena, baita txurrumuski@txurrumuski.org helbidera mezua idatzita ere.
Emanaldiak 18:00etatik aurrera hasiko dira, Herriko Plazan, eta Txurrumuskik adin guztietako herritarrei ekitaldian parte hartzeko deia egin die, horiek nahi duten mozorroarekin, taldearekin eta abestirekin. Herritarrek, aukeratutako abestiarekin, nahi duten ikuskizuna eskaini ahalko dute, besteak beste, dantza, antzerkia edo karaokea egin ahal izango dute. Gainera, elkarteak jakinarazi duenez, sariak banatuko dituzte parte hartzaileen artean.