Gerturatzen ari dira Inauteriak, eta aurreko urteetan bezala, aurten ere herri bazkaria izango da Orion egun horretan. Otsailaren 14a, larunbatarekin, ospatuko dira karnabalak aurten, eta udalak egitaraua aurrerago jakinaraziko duen arren, zehaztu du herri bazkarirako txartelak noiz eta nola eskuratu.
Bazkaria kiroldegian egingo dute, eta 400 pertsonarentzat tokia egongo da. Txartelak asteazken honetan, hilaren 28an, jarriko dituzte salgai Turismo Bulegoan, 16:00etatik aurrera, eta pertsona bakoitzak gehienez bost txartel erosi ahalko ditu, helduena 16 euroan, eta haurrena, 13 euroan.
Ordutegi desberdina du bulegoak asteko egunaren arabera, eta hori ere jakinarazi du udalak. Astearteetan 09:30etik 13:30era egoten da zabalik; asteazkenetik ostiralera 09:30etik 13:30era eta 16:00etatik 19: 00etara; larunbatetan 09:30etik 15:00etara; eta igande eta jaiegunetan, berriz, 10:00etatik 14:00etara.
Menua zehaztuta
Menuan zehaztuta dago. Udalak jakitera eman duenez, paella izango da "protagonista", valentziarra ala beganoa egongo delako aukeran. Helduentzako menua honakoa izango da: paella (valentziarra edo beganoa) eta postrea (euskal pastela edo fruta-mazedonia), ogia, kafea eta edariak. Haurrentzako menua, berriz, honakoa: paella (valentziarra edo beganoa) eta postrea (euskal pastela edo fruta-mazedonia), ogia eta edariak.
Antolaketa
Udalak gogorarazi du parte hartzaileen laguntza boluntarioa beharko dela bazkaria antolatzeko, eta San Nikolas festetan bezala, muntaia, desmuntaia eta garbiketa lanetarako boluntarioak eskatuko dituzte. Hala, txartelak erosteko orduan, bost lagunetik batek izena eman beharko du zeregin horietan laguntzeko. Bost txartel baino gutxiago erosten dutenek ere aukera izango dute boluntarioen zerrendan apuntatzeko.
Boluntarioek osatutako taldea 11:30ean elkartuko da kiroldegiko kanpoaldean, mahaiak eta aulkiak behar bezala kokatzeko. Prestaketa lan horiek ez dute denbora asko beharko jende pixka bat elkartuz gero. Horiek aukera izango dute, mahaiak jarri ondoren, lagunentzat eserlekuak erreserbatzeko.
Bazkariari dagokionez, paella kiroldegiko kanpoaldean egingo dute sukaldari profesionalek, eta horiek paella plater handietan emango dute, bakoitza lau lagunentzako. Ondoren, boluntarioek jaso eta eraman beharko dute plater hori norbere mahaira.