Orioko Udalak joan zen astean aurkeztu zuen aurrerantzean herriko kirol eskaintzaz gozatu ahal izateko derrigorrezkoa izango den kirol txartel berria, honek emango baitu udal kirol instalazioetarako sarbidea. Hala, berrikuntzaren nondik norakoak herritarrei azaltzeko asmoz, bilera irekia egin zuten aurreko asteartean.
2025eko uztailera arte, Karela kiroldegiaren kudeaketa BPX enpresaren esku egon da erabat, udalak "erabakimenerako aukerarik" izan gabe. Gainontzeko kirol instalazioak kudeaketa horretatik kanpo egin dituzte, eta instalazio horien beharrei erantzuteko, udalak indarrean zegoen kontratuari bestelako kontratuak gehitzen joan da, "ikuspegi orokor eta bateraturik gabe".
Egoera horrek "desoreka nabarmenak" sortu zituen eraikinen artean, besteak beste, instalazio batzuetan garbiketa zerbitzua edota mantenua zegoelako eta beste batzuetan ez.
Antzeko desoreka gertatzen zen kirol elkarteekiko harremanetan ere. Izan ere, elkarte batzuek udalarekin hitzarmenen bidez funtzionatzen zuten eta beste batzuek, aldiz, diru laguntzen bidez. Gainera, beste elkarte batzuek ez zuten inolako harreman egiturarik, eta horrek "tratamendu desberdina eta desorekatua" sortzen zuen, hain zuzen.
Diagnostikoak eta kirol mahaia
Egoera hori ikusita, udalak bi diagnostiko egitea erabaki zuen: bata kirol kudeaketaren ingurukoa, eta bestea, kirol instalazioen ingurukoa. Diagnostiko horiek ikusgai daude Gukoriori.eus atari digitalean.
Diagnostikoak martxan jarri aurretik, Kirol Mahaia aktibatu zuten, eta mahai horretan herriko kirol elkarte guztiak egon dira ordezkatuta. Hala, bi diagnostikoetatik ondorio nagusi hauek atera zituzten:
- Udalak kirol instalazioetan kudeaketa zuzena izan behar du, erabakimena bermatzeko.
- Kirol instalazio guztiak modu bateratuan kudeatu behar dira.
- Instalazioetan beharrezko inbertsioak egin behar dira.
- Instalazio guztiek erabilera erregelamendu propioa izan beharra.
- Kirol elkarte guztiek udalaren aldetik trataera bera izen behar dute, eta guztiek hitzarmenen bidez funtzionatuko dute.
- Udalak ematen dituen diru laguntzak irizpide objektiboen arabera banatu behar dira.
- Erabiltzaile guztiek kirol sistemari ekarpena egin behar diote.
Azken bi urteetako lanaren emaitzak
Udalak diagnostikoek ezarritako helburuak landu ditu azken bi urteetan, eta ondorioz, kirol instalazio guztiak "kudeaketa zuzenera" igaro dira eta modu bateratuan kudeatzen dira. Gainera, hainbat inbertsio egin dituzte instalazioetan, eta gaur egun, herriko kirol elkarte guztiek hitzarmen propioak dituzte. Hori ez ezik, diru laguntzen irizpide objektiboak ere finkatu dituzte.
"Egin gabe geratzen zen azken neurria erabiltzaile guztiek sistemari ekarpena egitearena zen, eta horixe da orain martxan jarri nahi duena", azaldu du udalak.
Gaur egun, kirola bi modutan sustatzen da herrian: zuzenean, kiroldegiaren bidez, eta zeharka, kirol elkarteen bidez. Kirol elkarteen bidez gauzatzen den jarduerari dagokionez, udalak kirol instalazioak, garbitasuna, mantenua, seguratsuna, hornidurak eta beharrezko inbertsioak eskaintzen ditu, besteak beste. Horrez gain, diru laguntza ekonomikoak ere ematen ditu, "elkarteek beren jarduera garatu dezaten".
Sistema horrek guztiak, 2026ra begira, 1.265.000 euroko gastua izango duela jakinarazi du udalak. Orain arteko sistemarekin, instalazio guztiekin kudeaketa osoak sortzen duen gastua kirolari guztiek sortzen duten arren, kiroldegiko abonatuek ordainduko lukete bakarrik.
"Elkarteetan dabiltzan kirolariek urteko kuota ordaintzen diote elkarteari baina hauek federatu lizentziak, bidaiak, entrenatzaileak eta horrelako gastuak ordaintzeko izaten dira. Halaber, kiroldegiko abonatuek ez bezala, ez diote ekarpenik egiten instalazioen erabilerak sortzen dituen gastuei", azpimarratu du udalak.
Guzti honek "desoreka handiak" sortzen ditu sisteman. Ondorioz, eraikinetan inbertsioak egitea "ia ezinezkoa" bihurtua dela aitortu du udalak, eta sistemari ekarpena egiten dioten kiroldegiko abonatuek hauen ondorioak pairatu izan dituzte.
Aztertutako aukerak eta kirol txartelaren hautua
Udalak argi adierazi du sistema honekin ez dela "sarreren eta gastuen arteko parekatzea" bilatzen ari. Hala ere, udalaren ardura da "kirol sistema orekatua, bidezkoa eta iraunkorra" bultzatzea. "Helburua ez da kirola garestitzea, baizik eta erabiltzaile guztiek ekarpen justu bat egitea, bakoitzak egiten duen erabileraren arabera", gehitu du.
Testuinguru horretan kokatzen da bi kirol txartelen inplementazioa. Hain zuzen ere, neurri honen bitartez, "desoreka historikoak" zuzenduko dituzte, "sistemaren justizia eta oreka indartuz, eta aldi berean kirola sustatzen jarraitzkeo baldintzak bermatuz", zehazki.
Landutako aukeren artean, elkarteei diru laguntzak kentzea izan zen bat baina elkarteek egiten duten lana "ezinbestekoa" da udalentzat. Beste aukera bat kirol instalazioak erabiltzeko kirol abonatua izatea zen, beste herri batzuetan indarrean dagoena. Auker hau, ordea, "gehiegizkotzat" hartu zen, eta baztertu egin da.
Azkenik, kirol txartela aztertu zuten eta aurkeztutakoa hautatzea erabaki zen. Hori horrela izanda, kirol kudeaketa eredu berria aurtengo irailetik dago martxan, eta hasiera batean kirol txartelaren inplementazioa ordurako aurreikusita zegoen.
Hala ere, kontuan hartuta kirol elkarteek kuotak ikasturte hasieran kobratzen dituztela, eta irala eta urria "ekonomikoki hilabete gogorrak" izaten direla, udalak hori kontutan hartuta ordainketa ikasturte erdira atzeratzea erabaki du. Halaber, ordaintzeko arazoak dituztenentzat udalak bere prozedurak eta baliabideak jarrita ditu.
Gainera, elkarteetan lanean dabiltzenek ez dute kirol txartelik egin beharko, "sistemari bere ekarpena" egiten diola ulertzen baitu udalak.