Orioko kirol eskaintza asko handitu egin den arren azken urteetan, elkarteen eta erabiltzaileen arteko desorekak ere areagotu egin direla azaldu du Orioko Udalak, eta ondorioz, gero eta zailagoa egiten zaio "sistema osoari eustea". Egoera horren aurrean, azterketa eta diagnostiko bat egin, eta ekintza plan bat jarri dute martxan, besteak beste, elkarteen arteko oreka sustatzeko eta instalazioak elkarbanatzen dituzten eragileen arteko koordinazio mahaiak aktibatzeko. Halaber, udala kirol eskaintzak sortzen duen gastua "modu orekatuagoan" bideratzeko urratsak ematen hasi da.
Hori horrela izanda, aurrerantzean Orioko kirol eskaintzaz gozatu ahal izateko derrigorrezkoa izango da kirol txartela izatea, honek emango baitu instalazioetarako sarbidea. Bi txartel egiteko aukera izango dute herritarrek: alde batetik, txartel osoa, eta bestetik, txartel mugatua.
Bi txartel aukeran
Txartel osoa
Txartel osoak herriko kirol eskaintzaz "ahalik eta modurik zabalenean" gozatzeko aukera eskaintzen du. Izan ere, abonatu izateak "malgutasuna, aukera zabala eta abantaila ekonomiko nabarmenak" eskaintzen ditu.
Hala, kiroldegiko abonatu direnek aukera izango dute instalazio guztiak modu librean erabiltzeko, baita igerilekua urte osoan erabiltzeko eta beste udal instalazio batzuk erabiltzeko ere, betiere, instalazio horiek kudeatzen dituen kirol elkarteko kide badira. Esaterako, kiroldegiko abonatua den eta futbolean aritzen den herritarrak, ez ditu futbol zelaiaren eta bertako gimnasioaren erabilera aparte ordaindu beharko, betiere, Orioko Futbol Taldeko edo Sofbol taldeko bazkidea bada.
Gainera, abonatuek honako abantailak izango dituzte:
- Kiroldegia erabiltzeko aukera zabala, goizeko 07:30etik gaueko 21:00etara.
- Xpress saioetan parte hartzeko aukera.
- Kiroldegiak eskaintzen dituen jarduera guztietan abonatuen prezio murriztuak.
- Abonatuentzat bakarrik antolatzen diren jarduera eta eskaintzetan parte hartzeko aukera.
- Kirol elkarteen bidezko eskaintzetan parte hartzeko aukera, kostu gehigarririk gabe edo baldintza hobeetan.
Txartel mugatua
Txartel mugatua kirol elkarteetako kide diren herritarrei zuzenduta dago. Txartel honen bidez, erabiltzaileek aukera izango dute kide diren kirol elkarteen bidez, dagokien instalazioa erabiltzeko. Gainera, kiroldegia ere erabili ahalko dute, elkartearen egutegi eta ordutegi zehatzen barruan eta indarrean dagoen arautegiak ezarritako baldintzetan, hain justu. Esaterako, kiroldegiko abonatua ez den baina futbol zelaiko instalazioak erabiltzen dituen herritarrak kirol txartel mugatua izan beharko du.
Udal kirol instalazioetara sartzeko, indarrean dagoen kirol txartel baten jabe izatea derrigorrezkoa izango da. Horretarako, udalak eskumuturreko identifikatzaileak banatuko ditu, txartel motaren arabera. Hain zuzen ere, txartel mota bakoitzak kolore ezberdina izango du, eta eskumuturrekoa pertsonala izango da. Beraz, instalazioetara sartzean eskumuturrekoa ikusgai eraman beharko dute herritarrek.
Eskumuturrekoa lehen aldiz doan emango dute, baina galdu, hondatu edo behar ez bezala erabiltzen bada, ordezkapenagatik dagokion tarifa ordaindu beharko du herritarrak.
Tarifak
Kirol txartel mugatua
| Kirol txartela | Adina | Matrikula (€) | Urteko abonua (€) |
| Heldua | 24-64 urte | 0€ | 120,00€ |
| Gaztea | 14-21 urte | 0€ | 60,00€ |
| Haurra | 8-13 urte | 0€ | 36,00€ |
| 65 urtetik gorakoak | 65+ | 0€ | 84,00€ |
Kirol txartel osoa (Kiroldegiko abonamendua)
| Kirol Txartela | Adina | Matrikula (€) | Hileko abonua (€) |
| Heldua | 24-64 urte | 46,45€ | 25,55€ |
| Gaztea | 14-21 urte | 34,75€ | 20,30€ |
| Haurra eta 65+ | 4-13 urte / 65+ | 23,20€ | 12,75€ |
| Gaztea, gurasoetako bat abonatua | 14-21 urte | 23,20€ | 11,50€ |
| Gaztea, bi gurasoak abonatuak | 14-21 urte | 11,60€ | 6,40€ |
| Haurra, gurasoetako bat abonatua | 4-13 urte | 11,60€ | 7,65€ |
| Haurra, bi gurasoak abonatuak | 4-13 urte | Doan | Doan |
Izen-ematea, zabalik
Izen-ematea kirol instalazioak erabiltzen dituzten baina abonamendurik ez dutenek egin beharko dute. Beraz, jada kiroldegiko abonatu direnei ez die eragiten. Kirol txartel osoa egin nahi dutenentzat, deialdi berezia egingo dute urtarrilaren 15etik 31ra, eta ez da matrikularik ordaindu beharko, trantsizioa errazteko. Kirol txartel mugatua egiteko epea berbera da, eta kirol elkarteetako kide diren guztiek egin behar dute.
Txartela kiroldegiko harreran egin beharko da, eta eskatzaile bakoitzak bere beharretara egokitzen den modalitatea aukeratu beharko du.