Aske baina kontrolpean

Julene Sorarrain 2026ko urtarrilaren 14a

Herritar bat txakurra paseatzen, ibai ondoko bidean. (Julene Sorarrain)

Herritarren eta txakurren arteko elkarbizitza hobetzeko, egungo ordenantza eguneratuko du udalak, txakurrentzako guneak hobetuz eta berriak sortuz.

Orioko Udalak, txakurren eta herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko asmoz, lanketa prozesu bat abiatu du gaian interesa dutenekin, eta bi helburu nagusi finkatu ditu: alde batetik, txakurren ordenantza eguneratzea, eta bestetik, txakurrentzako guneak hobetu eta berriak sortzea. Horretarako, txakurrak aske ibiltzeko guneak, ordutegiak eta urte sasoiak ondo definituko dituzte, baita txakurrak aske ibiltzeko guneen ezaugarriak eta arautegia aztertu eta definitu ere.

Izan ere, gaur egun indarrean dagoen ordenantza 2016. urtekoa da, eta udalaren erantzukizuna hori betearaztea den arren, horretarako "zailtasunak" dituela onartu du, herritarrek bi ikuspegi kontrajarri dituztelako: batzuek "zorroztasunez" aplikatzeko eskaera egiten dute, eta beste batzuek, aldiz, "zorrotzegia" dela diote, txakurrak aske ibiltzeko gune nahikorik ez dagoelako herrian, hain zuzen.

Txakurrentzako guneei dagokienez, udalak jabeekin adostu ditu espazio horiek bete beharreko baldintzak, hala nola "leku zabalak izatea, itzal guneak edukitzea, jabeak egoteko bankuak izatea, txakurrentzat egokitutako iturriak edukitzea eta txakurrentzako jolasak eskaintzea". Gaur egun txakurrentzako gune bakarra dago herrian, futbol zelaiaren alboan, eta udalaren asmoa da gune hori zabaltzea eta egokitzea, aipatutako baldintzak bete ditzan. Hori ez ezik, gune gehiago jartzeko aukerak ere aztertzen ari da.

Aurrekariak

Udalak animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal ordenantza onartu zuen 2012an. Ordenantza horretan jasotzen da, besteak beste, txakurrek kalean lotuta joan behar dutela beti, eta jabeek txakurren gorotzak lurretik jasotzeko betebeharra dutela. Lau urte geroago, 2016an, udalak ordenantza aldatu zuen, eta aldaketa horien arabera, txakurrek libre ibili ahal izango dute, toki jakinetan eta ordutegi jakin baten barruan. Gainerako leku eta orduetan, aldiz, jabeek lotuta eraman behar dituzte txakurrak.

Ordenantzari egokitzapenak egin zizkioten arren, Udaltzaingoak kexak jasotzen jarraitu du herritarren aldetik, besteak beste, txakurrak ordutegiz kanpo solte ikusi izanagatik edota herritarren bati gehiegi gerturatzegatik. Beste kasu batzuetan, liskarrak txakurren artean sortu daitezkeela azaldu dute, nahiz eta egoera hori oso ohikoa ez izan. Horrez gain, udaltzainek galdutako txakurrak ere jasotzen dituzte noizbehinka, horiek ihes egin ostean.

Herritarren eta txakurren artean liskarrak sortzen badira, herritarrek udaltzainei deitu behar diete, haiek txakurraren jabea identifika dezaten, eta bi aldeen bertsioak entzun ostean, egoera ahalik eta egokien kudea dezaten. "Adostasunik ez badugu lortzen, kalteen garrantziaren arabera salaketa jar daiteke", azaldu du Mikal Etxeberria Orioko udaltzainburuak. "Txakurrak solte ibil daitezke ordutegi baten barruan, baina solte ibiltzeak ez du esan nahi kontrolpean egon behar ez dutenik", gehitu du Etxeberriak.

Gaur egun 900 txakur inguru daude erregistratuta Orion; horietatik hamasei arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak bezala identifikatuta. Horiek une oro egon behar dute lotuta, baita derrigorrez muturrekoa jantzita ere. Azken urteetan txakurren kopurua hazi egin den arren, udaltzainek argi utzi dute kexen edota salaketen kopuruan ez dela gorakada nabarmenik izan.

Aldi berean, 2016ko ordenantzarekin arazorik ez duten arren, Etxeberriak azpimarratu du txakurrek jolas eremuak izan beharko lituzketela. "Lagungarria eta eskertzekoa izango litzateke herriko puntu ezberdinetan –Ortzaikan, hondartzan eta erdi bidean, esaterako– txakurrentzako jolas eremuak jartzea. Eremu horietatik kanpo, lotu egin beharko lirateke. Izan ere, txakurrei beldurra dietenen eskubideak urratzen ari gara lotzen ez ditugunean, eta helburua denon arteko elkarbizitza sustatzea da", esan du udaltzainburuak.

Ordenantza "zehatzagoa"

Josu Etxanizek 2015. urtean erreskatatu zuen autopistatik bere txakurra. Betidanik izan ditu gustuko txakurrak, eta pare bat urte geroago, bigarrengo bat ekarri zuen etxera. Imanol Urkizuk ere duela lau urtetik du txakurra, eta bien esperientzia pertsonala "oso ona" izan den arren, herritarrekin denetariko hartu-emanak izan dituzte maskotaren harira. Biek esperientzia baikorra dela iritzi diote, nahiz eta "aurkariak" beti egongo diren herrian.

Bi txakur jabeek ordenantza jarraitzen dutela diote, eta txakurra paseatzerakoan, herriko kaleak saihestu eta hondartzako belardira edota ibai alboko bidera joaten dira, gehienbat txakurra ere "aske eta lasai" sentitzeko. "Herrira ez gara joaten txakurrekin, zaratekin urduritu egiten direlako; jende asko ibiltzen den eremuak saihesten ditugu", diote Urkizuk eta Etxanizek. Hala eta guztiz ere, bi jabeek onartu dute ez dakitela zehatz-mehatz gaur egungo ordenantzak zer dioen: "Nik uste dut gauza asko finkatu ala zehaztu behar direla, batez ere, zein eremutatik joan daitezkeen eta nondik ez", azpimarratu du Urkizuk. Ezjakintasun horri aurre egiteko, ordenantza eguneratuak mapa bat izango du, txakurrek aske ibiltzeko dituzten eremuak hobeto finkatuta.

Halaber, bikoteak iritzi dio konponbidea ez dela "isunak jartzea", baizik eta herritarrak egoeraren inguruan kontzientziatuta egotea: "Alde batetik, herritarrek txakurren inguruko ezagutza gehiago izatea lagungarria izan daiteke, eta bestetik, txakurren jabeek arduratsuagoak izan beharko lukete, leku publikoetan beti lotuta eramanez eta txakurra kontrolpean izanik".

Erlazionatuak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide