Jendetza elkartu da 1936an ezkutatutako ikurrinari gorazarre egiteko

Onintza Lete Arrieta eta Gorka Eizagirre 2025eko abenduaren 8a

Sanikolasetako egitarauaren barruko ekintzak sekulako arrakasta izan du herritarren artean. Herriko bertsolariek atera dute ikurrina berezia udaletxetik 12:00etan, eta bi orduz baino gehiagoz ibili dira kalez kale, kantujiran, bertako abestiak kantatuz. Herriko Plazan ekitaldi xumea eginda amaitu da saioa, eta udaletxeko balkoian zintzilikatuta gelditu dira bai ikurrina, bai Nafarroako bandera.

San Nikolas hirugarrena da gaur, festen azken txanpan sartuak dira Orion, eta eguerdian aurtengo festetako ekintza berezienetakoa egin dute: kantujira, 1936ko gerra hasi zenean ezkutatu behar izan zuten ikurrinarekin. Franco hil zenean atera zuten ikurrina hori Ertzilla etxetik duela 50 urte, eta herrian kalejira egin zuten txistulari eta guzti. Gaur, txistuen eta beste hainbat instrumenturen laguntzarekin egin dute kalejira bi orduz baino gehiagoz. "Bertako ikurrak eta nortasuna aldarrikatzea eta indartzea" zen helburua, eta jendetza elkartu da ideia horrekin bat eginez. 

Herriko Plazan jarria zuten hitzordua 12:00etan. Adar baten soinua entzun orduko atera dute ikurrina udaletxetik herriko bertsolariek, eta Antilla tabernaren aurreko plazatxoan egin dute aurreneko geldialdia, kantuan hasteko. Handik Eusko Gudari kalean aurrera jarraitu dute, eta frontoi atzeko aldapatik gora, alde zaharrera joan dira, Pilliku plazara. Han beste hainbat abesti kantatu, eta Oa-ko eskaileretan behera jaitsita, Kutixi aurrean egin dute beste saio bat.

Azkenean, Herriko Plazan bildu dira denak, ekitaldi xume bati ekiteko: ikurrina eta Nafarroako bandera udaletxeko balkoian zintzilikatu dituzte –herriko hainbat eragile igo da balkoira horretarako–, eta Jon Alkainek aurreskua dantzatu die bi euskal ikurrei. Ondoren, Egoitz Eizagirre bertsolariak pare bat bertso bota ditu. Kantuan hasitako saioa, kantuan amaitu dute herritarrek. Ikurrak, berriz, udaletxeko balkoian gelditu dira.

Erlazionatuak

Kantujira, ikurrin berezi eta guzti

Onintza Lete Arrieta abe 01 Orio

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide