Bertsoak, musika eta patata tortillak, San Nikolas egunari amaiera emateko

Onintza Lete Arrieta 2025eko abenduaren 7a

Atzo arratsalde-iluntzean jende ugari elkartu zen festetako ekitaldietan, besteak beste Danbolin musika eta dantza eskolaren bandak eskainitako kontzertuan, gaztetxoentzako patata tortilla txapelketan eta Errikotxiaren bertso jaialdian.

San Nikolas eguna izan zen atzokoa, eta goiz partean bezala –ikusi hemen eguneko lehen zatiko ekintzen argazki bilduma– arratsalde-gauean ere askotariko ekintzek hartu zuten herria. Izan ere, Pello eta Nikolasa erraldoiak berriz atera ziren kalera, oraingoan Danbolin musika eta dantza eskolako trikitilariekin, eta ondoren, Danbolineko bandak kontzertua eskaini zuen Herriko Plazan, 18:00etan hasita. Herritar ugari bildu zen, eta bandak era guztietako kantuak jo zituen, horietako batzuk txistulari taldearen eta dantzarien parte hartzearekin.

Tartean, 61 bikote zebiltzan Arraunetxen sanikolasetako bigarren mus txapelketa jokatzen, koparen eta 800 euroko sariaren bila.

Eta, 19:00etan, beste ekintza arrakastatsu bat hasi zen, hori Ikastolako pergolan:  patata tortilla lehiaketa. LH 5. mailatik gorako gaztetxoentzat zen, eta 6-8 pertsonako 25 talde inguruk parte hartu zuten. Antolatzaileek bizpahiru azalpen eman eta lehiaketa abian zela esan orduko hasi ziren lanean denak, serio-demonio, patatak zuritu eta zuritu. Ordubete ingurura, tortilla usain goxoa zabaltzen hasi zen, eta epaimahaiaren iritziz patata tortilla onena egin zutenek saritxoa ere eskuratu zuten.

Iluntzean eta gauean zuzeneko musika saiorik ez zen falta izan, Punttu Kakotx elektrotxarangari, Ganibet eta Aimarzz taldeei eta Makeda eta Denz DJei esker.

Kiroldegian, berriz, bertso saio dotorea eskaini zuen 22:00etan hasita Errikotxia bertso eskolak: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Aitor Bizkarra, Nerea Elustondo eta Xabat Illarregi igo ziren oholtzara, eta hara ere herritar ugari bertaratu zen. Xabier Sukia aritu zen gai jartzaile, eta askotariko lanak jarri zizkien horrek bertsolariei.

Gaur San Nikolas bigarrena da, eta egitarau oparoa dute aurretik oriotarrek:

Gaur, abenduak 7, San Nikolas bigarrena

  • 11:00. Gora bihotzak umeentzat ikuskizuna, Herriko Plazan.
  • 12:30. Kantu Saldarekin, poteo musikatua kalez kale.
  • 14:30. Herri bazkaria, Karelan.
  • 18:00. Orioko txaranga, Karelan.
  • 19:00. Kalejira Pello eta Nikolasa erraldoiekin, buruhandiekin eta herriko txarangarekin, kalez kale.
  • 22:00. Kontzertuak: Zinez, Marte Lasarte, Bad Sound System, Troti DJa eta La Fulana DJa. Herriko Plazan.

Bihar amaituko dira festak, eta are egitarau borobilagoa prestatu dute azken egunerako:

Bihar, San Nikolas hirugarrena

  • 06:00. Gaupaseroen argazkia, Oa-ko eskaileretan.
  • 11:00. Haurrentzat Euskal Herriko jostailuen inguruko lantegia eta jokoak, Herriko Plazan.
  • 12:00. Kantujira herritar talde batek antolatuta, kalez kale.
  • 13:00. Orio Arraunketa Elkartearen banderen bedeinkapena elizan, eta ondoren, bazkaria.
  • 13:00. Gure Sukaldetik-en eskutik bazkaria, txosnetan.
  • 16:00. Herri kirol parte hartzaileak haurrentzat eta gazteentzat, Herriko Plazan.
  • 17:00. Herri kirolak, Joseba Ostolaza harri eskolaren eskutik, Heriko Plazan.
  • 17:00. Erraldoi eta buruhandi eta trikitilariekin kalejira kalez kale.
  • 18:00. Talo jana, Herriko Plazan.
  • 19:30. Muxutruk erromeria taldearen kontzertua, Herriko Plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide