Dantza suelto txapelketak girotu du Herriko Plaza goizean

Aiora Arriola 2025eko abenduaren 6a

3x3ren saskibaloi festa, haur eta gaztetxoentzako jolasak eta dantza suelto txapelketa izan dira gaur goizeko San Nikolas festetako protagonistak. Arratsaldean erraldoi eta buruhandien kalejirak emango die jarraipena festei.

San Nikolas eguna da gaur, eta goizetik hasita, ekintzaz bete da herria. 9:45 inguruan hasi dira gaztetxoak 3x3 saskibaloi festa ospatzen Karela kiroldegian, baina aurretik janari bilketa solidarioa egin dute. Elikagai mordoa bildu dituzte, eta saskibaloiko partiduez gozatu dute ondoren. Guztira 180 haur inguru elkartu dira kiroldegian.

11:00etatik aurrera ere bazuten zeregina haur zein gaztetxoek ikastolako pergolan. Jolasten eta eskulan desberdinak egiten pasa dute goiza: txapak sortzen, azkazalak eta aurpegia margotzen, arrozezko pilotak sortzen, kamisetak diseinatu eta margotzen… denetarik egiteko aukera izan dute, eta musikari esker, giro paregabea igaro dute etxeko txikienek.

Ondoren, 12:30 aldera dantza suelto txapelketa hasi da Herriko Plazan. Batzuk larunbat biharamuneko ajearekin egon arren, herritar ugari gerturatu da plazara, dantzariei begira giroaz gozatuz. Zortzi bikotek hartu dute parte txapelketan, eta horien artean bat oriotarra, Bidatz Manterola eta Jon Alkainek osatua. Txalo asko jaso dituzte ikusleengandik oholtza gainera igo diren bakoitzeko.

Beste bikote guztiak Euskal Herriko leku desberdinetatik gerturatu dira Oriora: Azpeitia, Andoain eta Lezo, besteak beste. Nora Aizpuru eta Iker Zabala azpeitiarrek irabazi dute txapelketa, baita 200 euro, oroigarria eta txapela jaso ere. Jone Arriaran eta German Aranburu izan dira bigarren, 180 euro eta oroigarria irabaziz, eta hirugarren, Ihintza Erauskin eta Mikel Esnaola, 160 euro eta oroigarria irabaziz. Honako hauek izan dira gainerako partaideak: Izaro Arandia eta Hegoa Aizpuru; Irati Larrañaga eta Angel Castillo; Ane Lazarobaster eta Jara Sustaeta; eta Ane Jaunarora eta Endika Osa.

17:00etan berriz emango zaie jarraipena sanikolasei, erraldoi eta buruhandien kalejirarekin hasiz.

Honako hau da gaurko eta biharko egitaraua: 

Gaur, San Nikolas eguna

  • 17:00. Kalejira Pello eta Nikolasa erraldoiekin, buruhandiekin eta Danbolin musika eta dantza eskolako trikitilariekin. Herriko Plazatik abiatuta.
  • 18:00. Danbolin musika eta dantza eskolako bandaren kontzertua, Herriko Plazan.
  • 19:00. Patata tortilla lehiaketa LH 6-DBH 4 arteko gaztetxoentzat, ikastolako pergolan.
  • 20:00. Punttu Kakotx elektrotxaranga, kalez kale, Herriko Plazatik hasita.
  • 22:00. Bertso saioa Karelan. Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Aitor Bizkarra, Nerea Elustondo eta Xabat Illarregi.
  • 23:00. Kontzertuak: Ganibet, Aimarzz, Makeda DJa eta Denz DJa. Herriko Plazan.

Bihar, San Nikolas bigarrena

  • 11:00. Gora bihotzak umeentzat ikuskizuna, Herriko Plazan.
  • 12:30. Kantu Saldarekin, poteo musikatua kalez kale.
  • 14:30. Herri bazkaria, Karelan.
  • 18:00. Orioko txaranga, Karelan.
  • 19:00. Kalejira Pello eta Nikolasa erraldoiekin, buruhandiekin eta herriko txarangarekin, kalez kale.
  • 22:00. Kontzertuak: Zinez, Marte Lasarte, Bad Sound System, Troti DJa eta La Fulana DJa. Herriko Plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide