Azaroaren 25a

'Bizitza askeak plazer' leloa sortu du Orioko Udalak, "indarkeria ororen kontrako lelo bateratua" izan dadin

Onintza Lete Arrieta 2025eko azaroaren 19a

Saregileko langileak eta Berdintasun teknikaria eta udaleko EH Bilduko eta EAJko ordezkariak, gaur, Saregile aurrean. (Onintza Lete Arrieta)

Indarkeria mota guztien aurrean herrian harreman eredu berri bat eraikitzea da helburua, "onarpenean eta errespetuan oinarritua". Gizon-emakume "binarismoa albo batera utzita", herri osoa interpelatzea da asmoa. "Fokua jarri nahi dugu bizitzan eta ongizatean; lelo hau ez da ezeren kontra, bizitzaren alde baizik".

Bizitza askeak plazer. Lelo horren aterkipean egingo dituzte hemendik aurrera Orion indarkeria mota desberdinen aurreko kanpainak eta lanketak. Saregile emakumeen etxean aurkeztu dute lanketa Saioa Iraola Berdintasun eta Hezkuntza teknikariak eta Anuska Esnal alkateak, eta hainbat xehetasun eman dituzte.

Batetik, esan dute indarkeria mota guztien aurrean herrian harreman eredu berri bat eraikitzea dela helburua, "onarpenean eta errespetuan oinarritua". Gizon-emakume "binarismoa albo batera utzita", herri osoa interpelatzea da asmoa haien esanetan. Eta zentzu horretan, azpimarratu dute fokua non jarri nahi den: "Fokua bizitzan eta ongizatean jarri nahi dugu; lelo hau ez da ezeren kontra, bizitzaren alde baizik".

Iraolak azaldu du berdintasunaren gaian herrian pausoak ematen ari diren heinean "kontrako erreakzioak" sortu direla "ikastetxeetan, herri mugimendu batzuen kontra, nahiz Saregile eraikinaren beraren kontra", eta "kezka horretatik eta baita ibilbideak berak eskatzen zuelako ere" sortu nahi izan dutela lelo berria. "Ortzimuga partekatua, kolektiboa, eskatzen zuen egoera honek, elkarbizitza on bat sustatzea helburu duen txapela jarriko ziona", gaineratu du.

Esnalek ere aipatu du berdintasunaren aurkako oldarraldia badagoela, eta gaineratu du herri mailatik harago doan fenomenoa dela. Hori azaltzeko "hainbat faktore" elkartzen direla uste du, eta horien artean autokritika egitera ere jo du: "Ez dakit askotan guk emandako mezua ez ote den ari kontrako efektua sortzen guk nahi gabe, ez ari ote garen binarismoa sustatzen, matxismoak ez dielako soilik emakumeei eragiten. Hori da lelo berri honen indargunea, gure mezua ez dagoela binarismoari lotuta. Herri osoa interpelatzen dugu, plazera denona baita". 

Udaletxeko balkoian ere jarri dute lelo berria daraman pankarta. (Onintza Lete Arrieta)

Azaroaren 25ari begira

Iraolak azaldu du proposamena Azaroaren 25aren testuinguruan aurkeztu duten arren, "indarkeria mota guztien aurrean harreman eredu berri bat eraikitzeko deia" dela herritarrei egiten dietena. "Nork bere eremutik, denok dugu ardura herritar guztion ongizatea bermatzeko, eta dei hori eta gonbidapen hori egin nahi dugu udaletik". Leloan plazerari aipamena egiteak, berriz, "balio sinboliko handia" duela esan dute, "batez ere emakumeentzat".

Datorren asteartea da Azaroaren 25a, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Horrekin lotuta, ostiral honetan herriko nerabeei zuzenduta egin den bideo lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egongo da, eta asteartean bertan, berriz, udalak adierazpen instituzionala kaleratuko du.

Iluntzean protesta ere egongo da, baina horri buruzko xehetasunak datozen egunetan emango ditu Orioko mugimendu feministak.

Bideo lehiaketari dagokionez, Iraolak jakinarazi du bost lan aurkeztu dituztela eta 37 nerabek parte hartu dutela egitasmoan, eta balorazio positiboa egin du: "Gustura gaude parte hartzearekin, eta ikastetxeekin egin den lanketarekin".

Orain arteko pausoak

Alkateak gaurko aurkezpena kokatu nahi izan du udalak azken urteetan berdintasunaren alorrean egindako lanketaren barruan. Azaldu du udalaren helburu nagusia izan dela beti herritar guztien ongizatea bermatzea, eta horrek, ezinbestean, berdintasunaren gaia lantzea ekarri duela. Urrats nagusienetakoa Saregile emakumeen etxea sortzea izan dela esan du, eta hango zerbitzuak gogorarazi –zerbitzu psikologikoa eta juridikoa, besteak beste–.

Udalak indarkeria matxistaren aurkako protokoloa eta berdintasun planak egin dituela gogorarazi du, zaintzaren arloan lanketa egiten jarraitzen dutela, eta hezkuntza arloan ere, Hezkidetza Mahaia sortu zutela gaia ikastetxeetatik herri osora zabaltzeko asmoz. Orain gutxi plazaratu dute hezkidetza diagnostikoa, eta laster emango dute ekintza planaren berri. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide