Koldo Almandozen 'Azken agurra' filmeko zati batzuk ari dira grabatzen Orion

Julene Sorarrain 2025eko azaroaren 4a

Andra Mari kaleko pisu batean aritu dira gaur goizean grabaketa lanak egiten. Koldo Almandoz da filmaren zuzendaria, eta datorren urtean kaleratuko dute lana. Grabaketa dela eta, gaurtik ostegunera bitartean Balea kaleko aparkaleku batzuk hartuko dituzte, baita Karela kiroldegiaren eta Andra Mari kalearen artean dagoen oinezkoen pasabidea ere. 

Txintxua Films ekoiztetxea Azken agurra filmeko zati batzuk grabatzen ari da egunotan Orion. Hain zuzen ere, Andra Mari kaleko pisu batean aritu dira gaur goizean grabaketa lanak egiten. 

Koldo Almandoz da filmaren zuzendaria, eta datorren urtean kaleratuko dute lana. Hurrengoa dio filmaren sinopsiak: "Hileta laiko zerbitzuen bulego baten nagusi zarenean. Zu baino 25 urte gazteagoa den idazkari berriaz maitemintzen zarenean. Zure ex emazteak alaba ikusteko arazoak jartzen dizkizunean. Gehiegi edateagatik gidabaimena kendu dizutenean. Trajez jantzitako gizon beltz batek ahateen ipuinak kontatzen dizkizunean. Negozioa montatzeko dirua eskatu zenion boxeolari ohia zure atzetik dabilenean. Heriotzak bizitzak baino interes gehiago pizten dizunean... Zer atera daiteke gaizki?". 

Grabaketa dela eta, gaurtik ostegunera bitartean Balea kaleko aparkaleku batzuk hartuko dituzte, baita Karela kiroldegiaren eta Andra Mari kalearen artean dagoen oinezkoen pasabidea ere.

Gainera, gaur kale mozketa puntualak egingo dituzte Balea kalean, goizeko 08:00etatik 14:30era bitartean, hain zuzen. Udalak aurreratu duenez, mozketa "laburrak" izango dira, hau da, bi eta bost minutu artekoak, eta, batez ere, kale horretako garajeei eragin diezaiokete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide