Azaroaren 25arekin lotutako bideo lehiaketa antolatu dute DBHko gazteentzat

Onintza Lete Arrieta 2025ko urr. 23a, 12:05

Pertsona bat sakelako telefonoarekin irudiak grabatzen.

Izena azaroaren 10a baino lehen eman behar da Ametsa gaztelekuan. Proiekzioa eta sari banaketa, berriz, azaroaren 21ean izango dira, Saregile emakumeen etxean.

Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da Azaroaren 25a, eta egun horren harira, Orioko gaztetxoentzat bideo lehiaketa antolatu dute herriko bi ikastetxeek, Txurrumuski aisialdi taldeak, Saregile emakumeen etxeak eta udalak. Izena Ametsa gaztelekuan eman behar da azaroaren 10a baino lehen, eta bideoa azaroaren 17a baino lehen bidali beharko da txurrumuski@txurrumuski.org helbide elektronikora.

Ikus-entzunezkoak noiz proiektatuko dituzten eta sari banaketa noiz izango den ere zehaztuta dute antolatzaileek: azaroaren 21ean izango da ekitaldia, ostiralarekin, Saregile emakumeen etxean, 17:30ean hasita. Lehiaketan parte hartzen dutenek ez ezik, horien lagunek eta senitartekoek ere bertaratzeko aukera izango dute. Gainera, ekitaldiaren amaieran, guztiek elkarrekin mokadutxoa hartuko dute.

Ezaugarriak eta sariak

Gaiak indarkeria matxista du oinarri, eta bideoa taldean egin daitekeela jakinarazi dute. Gidoia nork bere ikastetxean landu beharko du, eta lehiaketara aurkezten dituzten ikus-entzunezkoek derrigor ezaugarri batzuk bete beharko dituzte. Honakoak: euskaraz izan beharko dute, gehienez bi minutuko iraupena eduki beharko dute, DBH 1-DBH 4 arteko ikasleek egindakoak izan beharko dute, eta azkenik, hitz gako bat erabili beharko dute bideoan: pasahitza

Hiru sari egongo dira: batetik, epaimahaiarena; bestetik, publikoarena, hau da, ikus-entzunezkoak ikustera gerturatzen direnek bozkatzeko aukera izango dute; eta, azkenik, ikusleek ere saria eskuratzeko aukera izango dute, zozketa egingo dutelako botoa ematen duten ikusleen artean. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide