"Giro hunkigarria" sortu du Benito Lertxundiren omenezko ekitaldiak, Getxo Folk jaialdian

Julene Sorarrain 2025ko ira. 15a, 12:37

Benito Lertxundiri eskainitako omenaldia, aurtengo Getxo Folk jaialdian, 'Hunkidura kuttunak' izenburupean. (utzitakoa)

Hunkidura kuttunak izenburupean, Getxo Folk jaialdiak musikari oriotarra omendu zuen atzo iluntzean. "Gau errepikaezina" bizi zuten bertaratutako ikusleek, eta hainbat artisten kontzertuez gozatzeko aukera izan zuten, besteak beste, Idoia Surmendi, Janus Lester edota Mikel Markezen emanaldiez.

Atzo agurtu zuen Getxo Folk jaialdiak Muxikebarriko oholtza, eta amaiera ezinhobea eman zioten aurtengo edizioari Benito Lertxundiren omenez sortutako emanaldiarekin.

Hunkidura kuttunak ikuskizunarekin omendu zuten oriotarra, "bidaia emozional bat" proposatzen duen emanaldiarekin, hain zuzen ere. Arkaitz Hormaetxe eta Kukai dantza konpainiako kideak arduratu ziren musikariari omenaldia eskaintzeaz, eta bertaratu ziren ikusle guztien laguntzarekin, "gau errepikaezina" bizi zuten atzo iluntzean. Asko izan ziren oholtza gainetik igaro ziren musikariak, besteak beste, Mikel Markez aiarra, Mirua eta Gatibu taldeetako kideak, Idoia Surmendi eta Janus Lester. 

Jaialdiko antolatzaileek, Lertxundi eta bertaratutako guztiei esker ona adierazteko asmoz, hurrengo mezua partekatu dute sare sozialen bitartez: "Orioko Bardoaren kanta ezagunenen eskutik hunkitzeko aukera izan dugu, gure oroimenaren zati bereizezina den musikaz gozatzen. Mila esker, Benito!".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide