Orioko Udalaren enkarguz Ibon Gaztañazpi kazetari oriotarrak zuzendutako Errio dokumentala emango dute abuztuaren 13an Donostian, Aquariumeko Itsas Film Festibalean. Emanaldia Aquariumean bertan izango da, 12:00etan, eta sarrera doakoa da, edukiera bete arte.
Ikus-entzunezkoak Orioko itsas ondarea jasotzen du, eta horretarako, errioaren historia eta istorioak kontatzen ditu Nagore Urdapilleta Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariak. Hainbat gairi buruz hausnartzen du lanak, galdera batzuk planteatuz. Esaterako: nolatan lehiatu zuen Oria bezalako ibai koxkor batek Rin, Tamesis, Sena, Guadalquivir eta Europako beste ibai garrantzitsuenekin XVI. mendetik aurrera?...
Ikus-entzunezkoen egileen ustez, oharkabean pasa den historia handiko lekua da Orioko errioa: Altxerriko leizea, balea arrantza, Europa osoko erreferentziazko ontziolak, baserri-bizitza.... Horiez guztiez hitz egiten da dokumentalean hainbat aditu eta herritarri ahotsa emanez.
Orioko Udalak hainbat herritan proiektatu du dokumentala iaz Orion bertan estreinatu zutenetik, eta film jaialdi batzuetara ere aurkeztu du. Esaterako, Indiako Noidako Nazioarteko 12. Zinema Jaialdian saritu egin zuten, otsail honetan.