Uretan blai amaitu dute gaztetxoek sanpedroetako erronkan

Aiora Arriola eta Julene Sorarrain 2025ko eka. 30a, 13:16

Herrian zehar ibili dira gaztetxoak Txurrumuskik antolatutako erronkari aurre egiten.

Herriko gazteenak goizetik hasi dira San Pedro jaiei amaiera itzela ematen. Txurrumuski aisialdi elkartearen eskutik egin dute erronka hainbat taldetan banatuta. Egurrezko zatiak mozten aritu dira, ondoren material horrekin lokotx-bilketa egiteko eta baita itsasontzien maketak sortzeko ere.

Alde batetik bestera ibili dira erronkaz erronka. Guztiak plazan elkartu ondoren Mutiozabalera joan dira, eta handik, Ibai-Ondo kaleko plazoletara. Urez lepo bukatu dituzte jolasak beroari aurre egin nahian.

Horren ondoren, plazara itzuli dira erronkan lortutako puntuekin bazkari desberdinak egiteko eta arratsalderako indarrak hartzeko asmoz.

Haurrentzako txokoa

Bizijolasek antolatuta, haurrek ere merezitako agurra eman diete aurtengo sanpedroei. Goizean goiz, tirolinako parkera gerturatu dira, eta eguraldia lagun, hainbat jolas eta jardueratan hartu dute parte: eskulanak, margolanak, ur jolasak eta hondarrezko gazteluak egin dituzte, besteak beste.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide